Jon Odriozola izango da Euskadi Fundazioaren txirrindulari taldeko zuzendari teknikoa

Miren Arregi Amasorrain 2013ko urr. 25a, 14:01

Ner Group elkartea osatzen duten 21 enpresa talderen babesari esker, Euskadi Fundazioak aurrera jarraituko du; hala, kontinental mailako txirrindulari taldeari eutsiko dio. Talde hori Ner Group-ek koordinatuko du, eta alde teknikoa eta kirol arloa, Jon Odriozola oñatiarrak zuzenduko du. Bestetik, orain arte taldeko txirrindulari izan den Mikel Airsti bergararrak ere taldean jarraituko du.

Euskadi Fundazioak kontinental mailako txirrindulari taldeari eutsiko dio, fundazioak Ner Group taldearekin hitzartutako akordioari esker. Ner Group elkartea 21 enpresak osatzen dute eta tartean da Bergarako Royde enpresa ere. Talde babesleak honako adierazpenak egin ditu babesletzaren erabakiaren gainean:"Etorkizuneko proiekzioa duen partekaturiko proiektu berri honek euskal txirrindularitzaren sustapen, zabalkunde eta garapena babestuko ditu, milaka gaztek lekua izango dutelarik bertan". Gaineratu du, Ner Groupen helburu nagusienetako bat giza garapen bidezkoago eta iraunkorrago bat lortzea dela eta helburu horiek erabat bat egiten dutela Euskadi Fundazioaren filosofiarekin. Proiektuaren gaineko xehetasun gutxi eman dituzte orain arte, baina diote, euskal erakundeen oniritzia baduela.

Txirrindulari taldearen koordinazio orokorra Ner-en esku egongo bada ere, kirol arloa eta arlo teknikoa Jon Odriozola oñatiarren esku egongo dira. Euskaltel Euskadiko Kirol zuzendari ohia da Odriozola, orain arte Gipuzkoa Eki-Sport taldean aritu dena.

Gogoratu, txirrindulari taldean orain arte debagoiendar bat aritu dela; Mikel Aristi bergararra, alegia. Odriozolak dio, harekin kontatuko duela aurrerantzean ere. Bestetik, Migel Madariagak, orain arte taldeko zuzendari orokorra izan denak aurrerantzean taldean zein funtzio beteko zuen zehazteke dagoela esan du, baina zuzen zuzenean proiektuarekin lotuta egongo dela baieztatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak