Euskadiren Lanbide Heziketa eredua, Europarendako interesgarria

Leire Kortabarria 2013ko urr. 24a, 16:51

Euskadiko Lanbide Heziketak berrikuntza zerbitzua emateko duen ereduak Europaren atentzioa eman du. Hala, gaur goizean Jorge Arevalok, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak medioei azaldu dienez, Euskadik eta Bruselak elkarlanean dihardute eta orain hiru aste Bruselara joan zen euskal ordezkaritza bat.

Europako Batasuneko Hezkuntza Zuzendaritzarekin eta Industria eta Enpresa Zuzendaritzarekin batzartu ziren, eta bertan, Euskadiren Lanbide Heziketa ereduaren berri zabala eman zuten, zehazki formazioa eta berrikuntza aplikatua enpresa txiki eta ertainei zerbitzua emateko bateratzen dituen alderdiaren berri. Berrikuntza ekintzak egiteko behar adina diru ez duten enpresek jasotzen dute zerbitzu hori.

Arevalok azpimarratu duenez, euskal LHk badaroa bi urte "formazio bikoitza, berrikuntzara bideratuta" ematen. Gaineratu duenez, Europako Batasunak esperientzia horren emaitzen berri jaso nahi du, eta horretan dabiltzan zazpi zentroak bisitatuko ditu datorren urtean.

Zentro horiek, Arevalok azaldu duenez, industriarako formazioa ematen dute, batik bat, baina baita zerbitzu sektorerako, eta, bere esanetan, Europako Batasunak euskal arduradunak animatu ditu finantzazio-lerroak bilatzeko.

Lanpostuen % 70

Lanbide Heziketaren gaineko datuak ere eman ditu sailburuordeak. Gaur egun, Euskadiko enpresetako lanpostuen % 70ek goi-kualifikazio mailako Lanbide Heziketako ikasketekin lotura dute, eta, 2020rako, % 76-78 artean izango dira.

Enplegagarritasun-indizea % 65koa da; Arevaloren esanetan, "datu txarra", izan ere, urte batzuetan % 95 edo % 100 izan da.

Gaineratu duenez, etorkizunean, Lanbide Heziketak hiru dimentsioen sektorerako, nanoteknologiarako, biomedikuntzarako eta robotikarako ikasketak eskainiko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak