Arantza Tapia: "Guk malgutasunez jokatuko dugu, guztion malgutasun partekatua behar du Fagorrek"

Iure Eizagirre 2013ko urr. 24a, 13:34

Garapen Ekonomikoko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak sinesten du elkarlanean eta, Fagor zulotik aterako bada, ezin dela bakarrik utzi uste du; aurre-lehiaketan laguntza eskatzen badu, Eusko Jaurlaritza ondoan izango duela dio. Albiste barruan, Goienari eskainitako elkarrizketa, osorik.

Ingeniari industriala ikasketaz, ibilbide luzea egin du Arantza Tapiak (Astigarraga, 1963) politika munduan. Fagor Etxetresnak aurre-lehiaketan sartu izanaz egin digu berba.

Fagor Etxetresnen kasuan, irtenbide errealik badago?

Fagor Taldeak eta Mondragon Korporazioak hartutako erabakia kontuan izanda, Fagor Etxetresnen egungo estruktura dagoen moduan, ez da bideragarria.

Bideragarritasunaren eszenatokian jarriz gero, irteera plan zorrotz baten bitartez, Fagorren jardueraren zati batek izango luke irtenbidea, eta zati edo atal hori balio erantsi handiena duen jarduerarena izango litzateke.

Euskal Herriko ekonomian zenbaterainoko eragina izan dezake honek? Eusko Jaurlaritzatik hori baloratu da?

Mondragon Korporazioak Euskadiko Barne Produktu Gordinari ia %7ko ekarpena egiten dio; hortaz, Fagor bezalako enpresa batean gertatzen ari dena oso kontuan hartzen dugu. Kalte zuzenak handiak izan daitezke, eta Fagorren azken erabakia ezagutzean aztertu ahal izango dugu industria-osagarri eta hornitzaileengan eragin dezakeena.

Zenbaitek itxaropen hitzak izan dituzte Fagorren harira. Zeu ere hain itxaropentsu zaude?

Ez dut itxaropentsu jarrera aldarrikatzen, errealista jarrera baizik. Hau da, sakon aztertu behar da, irtenbide txikiena izanda ere, zein den, baliabidearen arabera manten daitekeen jarduera eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko ahalegina egin.

Erkorekak urteko albisterik txarrena dela adierazi du. Irakurketa bera egiten duzu?

Euskal enpresa eta ekonomiaren ikuspuntutik hala esan daiteke. Espero zitekeen albisterik txarrena izan da, honek guztiak milaka familiarengan eragin zuzena duelako eta duen dimentsioagatik euskal gizartea ere zeharka mintzen duelako.

Egibarrek esana da Fagor Etxetresnek ez zituztela eraginkortasunez erabili Eusko Jaurlaritzaren laguntzak eta hornitzaileei ordaintzeko erabili zituztela bideragarritasun planean ordez. Nolabaiteko jarraipena egin al zaie laguntza horiei?

Jaurlaritzak eskura dituen finantzazio tresna ezberdinak bideratu ditu Fagor Taldearen bideragarritasuna laguntzeko, euskal enpresa askoren kasuan egin duen moduan. Erabili ditugun finantzazio tresnak oso landuta eta kontrastatuta ditugu, eta edonork daki zuzkidura horiek errazteko guztiz justifikatuta egon behar dutela.

Fagor Taldeari zuzendu zaizkion laguntzek bi helburu izan dituzte: bata, Berrikuntza eta Garapen programak gauzatzea; eta bigarrena, kopuru garrantzitsuena, Fagorrek aurkeztutako bideragarritasun planari bultzada ematea. Bi kasuotan, arrazoituta eta behar bezala kontrastatuta jokatu da, baina uste dugu arazoaren dimentsioak, merkatuen exijentziak eta epeen abiadurak ez dutela bideragarritasun planak aurreikusten zituen urratsak eta helburuak ahalbidetu. Enpresa guztiz "nekatuta" iritsi da soluzio bila eta ezinezkoa egin zaie plana aurrera eramatea.

Oraingoz, zein da helburua, hartzekodunen lehiaketa ekiditea?

Eusko Jaurlaritzaren helburua ahal den jarduera zatirik handiena eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzea da, baina, betiere, plan zorrotz batekin, egungo errealitate gordinari erantzuteko gai izango denarekin.

Prentsara bidalitako oharrak dioenez, Eusko Jaurlaritza Fagor Etxetresnak bideragarri egiteko eszenatokian ari da lanean. Zertan ari zarete, zehazki?

Argi utzi nahi dut, orain arte egin den moduan, azken erabakia beti enpresaren esku dagoela, baina uste dugu aipatutako baldintzetan, hau da, plan zorrotz baten barruan, jardueraren zati baten alde egin behar dela, zati txikienaren alde bada ere. Guk ez ditugu ateak itxi. Hartzekodun garen aldetik malgutasunez jokatuko dugu eta hartzekodun guztien malgutasun partekatua lortuz gero, prest gaude irteerara bidean eskutik joateko. Fagor Taldea zulotik ateratzea nahi badugu, argi dago ezin dugula bakarrik utzi. Laguntza partekatua behar du.

Aurre-lehiaketarekin lau hilabeteko negoziazio prozesua jartzen da martxan. Eusko Jaurlaritzak nolabait parte hartzeko asmoa du?

Enpresak prozesu honetan lanerako deitzen gaituen bakoitzean, aldamenean izango gaitu, hala egin baitugu orain arte Fagorren eta gainerako kasuetan ere.

Martin Garitanok esan du maila ezberdinetako erakundeak elkarlanean hasiko direla, tartean Eusko Jaurlaritza. Nola garatuko da?

Aspaldi dabil Eusko Jaurlaritza erakunde arteko lankidetzan murgilduta. Horrelako egoera konplikatu baten aurrean etxeko lanak aurretik eginda ekarri behar dira, egia bada ere azken asteetan erakundeen arteko lankidetza areagotu egin dela. Egoera zailetan erakundeen inplikazioa indartzea ezinbestekoa da eta horretan gabiltza; horretan dugu burua egunaren 24 orduetan.

Debagoieneko garapen agentzien bitartez bailarako errealitatearen inguruko diagnostikoa egin nahi duela ere adierazi du. Jaurlaritzak horretan parte hartuko du?

Lehen aipatu dudan moduan, azken erabakiaren argazkia zein den ikusi arte hipotesi ezberdinak izan daitezke eta aurretik bideragarritasunaren eszenatokian ari gara lanean, horrek dituen zailtasunez jabetuta. Erakundeen arteko lankidetzan beti aritu gara eta segituko dugu, baita diagnosiak eta irtenbideak bilatzeko lankidetzan ere, noski.

Hemengo ekonomiarekin lotura zuzena duten erakundeez gain, inguruan izan dezakeen eragina kontuan izanda, zeharkakoen elkarlana aurreikusten duzue?

Noski. Euskal enpresen kasu ezberdinetan erakunde guztiekin aritzen gara lanean, Spri, aldundiak, ministerioak, finantza erakundeak eta bestelakoak. Fagorren kasuan ere bai.

Egoera ikusita, kooperatiben inguruko hausnarketa egiteko unea dela uste duzu?

Jasaten ari garen krisi latzean, nork ez du hausnarketarik egin? Pentsatu nahi dut, enpresa mailan, egitura juridiko ezberdinetako enpresa guztiek egin dutela hausnarketa minimoa. Kooperatiben ereduari dagokionez ere bai, uste dut, gainontzeko enpresa guztietan bezala, egungo egoerara egoki moldatzeko barne errebisioa egiteko garaia iritsi zela edota dela. Nire ustez, krisiak eta Fagorren gertatutakoak ez du kooperatiben eredua zalantzan jartzen, baizik eta kudeaketaren errebisioaren beharra erakutsi du. Euskadin, Mondragon Korporazioan, badira kudeaketa bikaina egin eta lehiakor dabiltzan kooperatiba asko; beraz, ez diogu ereduari mesfidantzaz begiratu behar, kontrakoa esango nuke. Kudeaketaren hainbat alderdi dira errebisatu beharrekoak eta Jaurlaritza buru-belarri ari da kudeaketaren berrikuntza hausnartzen eta sustatzen.

Mondragon Korporazioak zuzenean inplikatu beharko lukeela ere adierazi du Eusko Jaurlaritzak.

Bai, noski, zalantzarik gabe. Horrek ez du esan nahi orain arte egin ez duenik. Jakin badakigu Mondragon Korporazioko enpresek eta langileek jarrera eredugarria izan dutela azken urte hauetan, goraipatzekoa esango nuke. Gertatzen da Fagorrek bizi duen une konkretuari behar bezala erantzuteko taldearen laguntza behar duela.

Zein mezu zabalduko zenuke debagoiendarren artean?

Mondragon Taldeak ibilbide handia du elkartasun eta enpresa arteko estrategietan. Debagoiendarrei lotuta doazen ezaugarriak dira, eta beraien sena ehuneko ehunean ikusi nahi dugu egoera honi erantzunik onena eman ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak