Arrasateko bilerarekin, gaur amaitu dira garraio publikoa hobetzeko Aldundiak abiarazitako saio irekiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 23a, 21:43

Garraio publikoaren erabilera areagotu eta zerbitzua hobetzeko bilera irekiak egin dituzte Aldundiak eta udalek herritarrekin. Proiektuak lau fase ditu eta honakoa izan da lehena; diagnostikoa egin eta herritarren proposamenak jaso dituzte. Gaur Arrasaten egin dute azken saioa; eta herritarrek proposamen zein kexa ezberdinak helarazi dizkiote Itziar Eizagirre Debagoienean bilera ireki horiek gidatzeaz arduratu den teknikariari. Proposamen gehiago egiteko aukera dago Aldundiak horretarako propio jarri duen webgunean.

Honakoak izan dira kexa eta proposamen nagusiak, besteak beste: 

-Herritar bat kexu agertu da zenbait gidarik ibilbidea aldatzeko ohitura dutelako: "Adibidez, baten bat ospitalean geratu behar den galdetu eta ezezkoa jaso ostean, beste ibilbide bat egiten du. Horrek ospitalean zain dagoen erabiltzailea kaltetzen du. Hori hiru edo lau bider pasatu zait dagoeneko".

-Herritar berberak salatu du gidari batzuek ibilbidea ahalik eta azkarren egiten saiatzen direla, erabiltzaileen kalterako.

-Meca inguruan geltoki bat jartzea proposatu dute.

-Garibai geltokiko markesinak txikiegiak direla uste dute askok. Jende gehiago estali ahal izateko aukera eman beharko litzatekeela uste dute. Markesinak egokiak ez direla "nahiko orokorra" dela esan du gerturatu denetako batek.

-Elorregin –San Prudentzio– geltokiarekin arazo handia dagoela salatu dute, batez ere ordutegien konbinazioak ez direla "batere egokiak". Eizagirrek onartu du gune horretako hainbat kexa heldu zaizkiela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak