Udazkena, perretxiko sasoia: urri dira aurten

Irati Goitia 2013ko urr. 21a, 13:59

Urria perretxiko saioa izaten da.  Hala, hainbat izaten dira hilabetean zehar izaten diren mikologia hitzorduak. Asteburuan izan dira batzuk gurean, baina beste batzuk atzeratu egin behar izan dituzte. Izan ere, perretxiko gutxi daude basoetan. Euri gutxi egin du eta haizea ibili da. Horren ondorioz, lehorra dago lurra eta ez da perretxikorik irteten. "Nahiz eta euririk ez egin, gaueko lainoak onak izaten dira; behar dena da hezetasuna eta tenperatura 15-23 gradu bitartekoa izatea", adierazi digu Tomas Zubillagak, perretxiko-zale arrasatearrak.

Ia 3.200 perretxiko-mota

Zubillagak kontatu digu gaztetan lagunekin eginiko afari batean intoxikatu egin zirela. "Orduantxe neure buruari esan nion bi aukera nituela: perretxikorik berriro ez jatea edo ikasten hastea". Hala, liburuak hartu eta lanari ekin zion. Egun, asko daki. Esan digu, esaterako, 3.200 perretxiko-mota inguru daudela sailkatuta. Horietatik 40 hilgarriak direla gaineratu digu eta 800 bat pozoitsuak. [Ikus Gomendioak].

Txakurrak hezi, onddotarako

Perretxikotan iaioak ez bagara, izan dezakegu beste laguntza bat. Jon Iñaki Lasa txakur hezitzaile arrasatearrak azaldu digu perretxikoak batzeko txakurrak nola hezi. Elorrion dagoen Miranoush eskolan egiten du lan, eta, besteak beste, ikastaroak antolatzen dituzte. Bada, azkenekoan, txakurrak onddoak bilatzeko nola hezi erakutsi zuten, biodetekzioaren teknikaren bitartez. "Txakurrari aurkitu nahi dugun produktua usainarazten diogu; kasu honetan, onddoa. Usaintzen duenean, txakurra zoriondu behar da. Saria ematen zaio, izan daiteke janaria, jolas egitea edo laztan bat. Hurrengo fasean, produktua usaindu ostean, esertzen erakutsi behar zaio. Hala, jarraitu beharreko errenkada da: usaindu, jarri, janaria. Une bat iristen da non txakurrak onddoa usaintzen duenean, zuzenean eseri egiten den, bere sariaren zain. Dinamika nahiko sinplea da, baina lan handia eskatzen du eta asko errepikatu behar da. Konstantzia eskatzen du", azaldu digu Lasak. Argitu digu txakurrak 15 usain sar ditzakeela bere memorian eta ezberdina dela gibelurdin baten edo onddo baten usaina. Beraz, txakurra espezializatu egin behar dela. "Nork bere intereserako erabiltzen du teknika hau: trufatarako, onddotarako edo, adibidez, galtzear dauden dortoken arrautzak topatzeko", zehaztu digu. 

Pinuen ordez, perretxikoak

Perretxikoak dastatzeko, argi dago mendi ibilaldi luzea egin edo merkatura joan eta diru-zorroa atera besterik ez dugula. Iro Landaluze perretxiko-zaleak eta Jaime Olaizola ikerlariak, baina, egubakoitzean Bedoñan egin zuten hitzaldian basogintza mikologikoaz hitz egin zuten, besteak beste. Basoak prestatzea da, perretxikoak eman ditzan. "Olaizola ikerketa bat zuzentzen ari da onddoak ernatzeko. Hau da, sexualki gertu jartzen du onddoa udaberrian zuhaitz sustraira sartu eta mikorrizazioa (zuhaitz sustraiaren eta perretxikoaren arteko sinbiosia) gerta dadin", azaldu digu Landaluzek. Aditzera eman digu Gipuzkoako Diputazioak ikerketa hori probatzeko dirulaguntzak eman dituela. Hala, hiru pinudi mikorrizatu dituzte, horietako bat Bergaran. "Orain, itxaron bestetik ez dugu, funtzionatzen duen ikusteko, baina italiarrak eta frantsesak oso interesatuta daude Olaizolaren produktuan", dio Landaluzek. Merkataritza ikuspuntutik ere produktu interesgarria dela dio: "Lau kilo onddok dirutan balio dutena pinu batekin lortzeko, 40 urte itxaron behar da". Hala, basogintzarako beste alternatiba bat dagoela dio hark: perretxikoak landatzea.

-----------------

'Perretxikoa sukaldean' ikastaroa

Elgetan, jardunaldi gastronomikoen barruan, Perretxikoa sukaldean izeneko ikastaroa egin zuten hilaren 17an, Intxorta elkartean. Hala, Maialde landetxeko Jesus Mari Kalboetxeaga sukaldariaren gidaritzapean lapiko eta zartagin artean ibili ziren ikastaroa egin zutenak. Kalabazina shitake-perretxikoz eta bakailaoz betea holandar erako saltsarekin eta txanpinoi-hostopila prestatzen ikasi zuten.  

-----------------

Gomendioak

Zer eraman basora? Otarrea, labaina eta txilibitua hartuta joatea gomendatu digu Tomas Zubillagak. Eta Iro Landaluzek pazientziaz joateko esan digu.

Eguraldia zaindu Iragandako egunetan izandako eguraldia eta tenperatura kontuan izateko esan digute Zubillagak eta Landaluzek.

Intoxikazioa Perretxiko pozoitsuren bat janez gero, baso erdi esne edo kafe-koilaraka oregano hartu. Horrek botaka eginarazten du.

Nola garbitu? Perretxikoak trapu umel batekin garbitzeko esan digu Kalboetxeagak. Uretan garbituz gero, ura xurgatu eta zaporea galtzen dute.

Nola kontserbatu? Asko batuz gero, aurretiaz prestatuta izoztu edo kontserbatan sar ditzakegu. Izozgailutik ateratzean, zuzenean sartu perretxikoak lapikora. Bere kasa desizozten utziz gero, asko biguntzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak