Joseba Egibar: "Ziur nago Fagorrek eta Mondragonek euskal industriaren bizkarrezurraren zati garrantzitsua izaten jarraituko dutela"

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urr. 20a, 17:49

GBBko presidente Joseba Egibarrek eguerdian egin ditu adierazpen horiek, Eskoriatzan. Hango EAJren 100. urteurreneko ekitaldian izan da Andoni Ortuzarrekin, EBBko presidentearekin batera. ETAk armak lagako zituela iragarri zuenetik bi urte bete dira gaur, eta horri buruz ere aritu da: "Gizarteak egiaztatu du erabakia benetakoa izan dela; orain bakea eta bizikidetzaren alde lan egitea beharrekoa da”, esan du.

GBBko presidente eta EAJren legebiltzarreko bozeramaileak itxaropen mezua helarazi nahi izan du Eskoriatzan Fagor Etxetresnen harira: “Bideragarritasun plan bat egin eta egungo egoera gainditzeko aukera dauka MCCk eta ziur gaude lortuko duela, euskal industriaren bizkarrezurraren zati garrantzitsua izaten jarraitzeko”, esan du

Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak ere egin du berba. "Aste hau benetan gogorra izan da, baina zonalde hau eta baita Fagorrek ere aurrera egingo dute", azaldu du. Eta gehitu du: "Garitanok eskuak garbitzen dituen bitartean,  Eusko Jaurlaritza Fagorren ondoan lan egiten ari da, izan ere, euskaldunok gurea bezala ulertzen dugu”.

Egibar: "Gizarteak egiaztatu du ETAren erabakia benetakoa izan dela"

ETAk armak lagako zituela iragarri zuenetik bi urte bete dira gaur, eta horri buruz ere aritu da Joseba Egibar eguerdian Eskoriatzan: "24 hilabeteotan gizarteak egiaztatu du ETAren erabakia benetakoa izan dela, eta ez dagoela atzera bueltarik”. Horrekin batera, dena den, azpimarratu du bakea ez dela "indarkeria eza bakarrik, eta, ondorioz, aurrera pausuak ematen jarraitu behar" dela. "Orain bakea eta bizikidetzaren alde lan egitea beharrekoa da”, esan du.

Era berean, Bburukide jeltzalea ezker abertzaleari eta Espainiako gobernuari zuzendu zaie zuzenean “euren urgentziak alde batera utzi eta, gizarteak eskatzen duen bezala, aurrera pausuak ematea" eskatzeko. Ezker abertzaleari “estrategia politikoa eguneratu eta iraganaren azterketa kritikoa egiteko” exijitu dio eta Rajoyren exekutiboari, “iraganeko pasarteak alde batera utzi eta, behingoagatik, ETAren indarkeriaren egiaztatzea eta desarmea ahalbidetzeko”. 

“EAJk argi dauka zein den jarraitu beharreko bidea eta bakea eta bizikidetzaren aldeko adostasunak lortzen jarraituko dugu”, azaldu du.

Ortuzar: "ETAren albisteen zain jarraitzen dugu"

Andoni Ortuzar ere mintzatu da ETAren gainean: “Bi urte ondoren ETAren albisteen zain jarraitzen dugu: armak uztea, konponketa, sortutako minaren onarpena… Eta espainiako Gobernuaren albisteen zain ere bagaude, batez ere, kartzela politikari dagozkion albisteen zain. Bakea ez da borroka eza soilik. Ez ETAk, ezta Raxoyk ere, ez dute aurrerapusurik ematen. EAJk berriz ere bere burua eskeintzen du zubi gisa egiteko bien artean eta behingoz bakea Euskadira ekarteko

Parot doktrinaren aurrean itxaropentsu

Estrasburgoko Auzitegiak Parot doktrinari buruzko ebazpena emango du bihar eta hori ere izan du hizpide Egibarrek. Itxaropentsu azaldu da doktrina indargabetzen bada, “egungo egoera pisutsua arindu eta egoera berri bati ekiteko” balioko duelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak