Diskoteka giroan hasi da Kantari Aretxabaletan

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urr. 20a, 12:47

Abiatu da Kantari, Goiena Komunikazio Taldeak bi urtean behin Debagoieneko 8 eta 12 urte arteko gaztetxoendako egiten duen karaoke saioa. Atzo hasi ziren saioen grabazioak Aretxabaletako Arkupe aretoan eta dena primeran joan zen. 

 15:30etik 20:30ak arte sei saio grabatu zituzten eta saio bakoitzeko bost edo sei taldek hartu zuten parte. Guztira, Aretxabaleta eta Eskoriatzako 150 neska-mutiko aritu ziren zapatukoan.

Itxaropen hautsien kaxa, Ikusi arte, Amets bat zarena zarelako, Bidea gara, Sarri sarri, Bang bang txiki, Gautxori... euskal doinu ezagunenak abestu zituzten taula gainean gaztetxoek, eta dantzan ere primeran egiten dutela erakutsi zuten, azken bi asteetan jo eta ke entseatzen jardun eta gero.

Apur bat urduri baina pozik

Neska-mutikoak pozik igo ziren Arkupeko eszenatokira atzo. "Apur bat urduri egon gara, baina ondo egin dugula uste dugu", izan zen gehien entzun genuen esaldia. Umeek maite dute Kantari, egun batez abeslari eta dantzari izateko aukera ematen dielako. Baian horrez gain, talde lana eta gauzak ondo egiteko saiatu beharra ere erakusten die.

Itxura diskotekeroa

Edizio batetik hurrengora itxuraldatuta aurkezten da Kantari, eta aurtengoan ez da gutxiagorako izan. K izki distiratsu eta erraldoia agertokiaren erdian-erdian eta kristalezko bolak sabaitik zintzilik zituela, inoizko kutsu diskotekeroena du aurten Kantarik. Are gehiago, saioaren gidari Amaia Txintxurreta alai eta martxosoak disko jartzaile lanak ere egiten ditu aurkezle lanekin batera, eta horrek jantzi egiten du diskoteka giroa.

Hurrengo, Bergara

Hurrengo entsegua Bergaran izango da, azaroaren 3an Zabalotegi aretoan. Bergara, Antzuola eta Elgetako 157 gaztetxoei zuzendutakoa izango da eta saioen grabazioak, berriz, azaroaren 9an egingo dituzte, 15:30etik aurrera. Debagoieneko gainontzeko herrietara ere iritsiko da Kantari: Oñatira abenduan eta Arrasatera urtarrilean, Arrasate eta Aramaioko gaztetxoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak