Urtarrilean izango da ekarpenen gaineko Eroskiren eta BBVAren aurkako epaiketa

Leire Kortabarria 2013ko urr. 15a, 18:02

Adicae elkarteak Eroski eta BBVAren aurka ekarpen finantzario subordinatuen gainean ipini duen talde-eskaeraren gaineko epaiketa urtarrilaren 21ean eta 22an izango da, Bilboko 1. Merkataritza-Auzitegiak erabaki duenez eta Europa Press agentziak jakinarazi duenez.

Ahozko bistaren data martitzenean finkatu da, aurre-audientzia baten. Bertan, epaileak ez du auziarekin ez jarraitzeko moduko "prozesuan akatsik" antzeman, Europa Press-ek informatzen duenez.

Prozedurako auzi-jartzaileak 71 dira orain.

Itunik ez da lortu

Aurre-auzia atzeratuta geratu zen ekainaren 11n. Orduan, epaileak atzeratzea erabaki zuen, bi aldeen artean itunen bat lortu ote zitekeen ikusteko. Une hartan, 73 auzi-jartzaile zeuden.

Epaileak Adicae elkarteari eskatu zion prozesuaren edukiak argitu zitzan eta auzitara nor eroan nahi zuen zehaztu zezan, ze oinarrirekin eta ze eskatzen zion.

Azkenean, auzitegitik kanpoko itun orokorrik ez da lortu, eta Adicaek epaileak eskatu zizkion argitasunak idatziz eman ditu. BBVAk eta Eroskik elkarteak zituen eskaeren gainean euren jarrera zehazteko epe bat ere izan zuten.

Adicaek kontratuak ezereztea eta bertan inbertitu ziren aurrezkiak itzultzea eskatu du, interesik gabe. Bere esanetan, produktua "modu ez bidezkoan merkaturatu" zen, "publizitate engainagarria" egin zen eta bezeroen onespenean akatsak egon ziren.

Adicaek esan duenez, "Euskadin 40.000 kaltetu daude", beste 700ek ere erreklamazioak egingo dituzte eta talde-salaketa gehiago aurkeztuko dira.

Ekarpenen bederatzi titular izango dira lekuko 

Urtarrileko epaiketan ez dute auzi-jartzailek guztiek lekukotasunik ekarriko, BBVAk eskatzen zuen moduan, baizik eta entitateak izendatutako bostek bakarrik. Adicaek eskatuta, horiez gain, salaketarik ipini ez duten baina ekarpen horien titular diren beste lau lagunek lekukotasuna emango dute.
 
Eroskiren eta BBVAren lege-ordezkariek, BBVAko Baloreen arduradunak, eta BBVAko bi zuzendarik eta lau kudeatzailek hitz egingo dute ere lekuko gisa. Hilaren 21ean, lekukoek hitz egingo dute, eta 22an, ondorioak emango dira.

Epaileak onartu du proba gisa aurkeztu ahal izatea Eroskik ekarpen horien inguruan argitaratu zuen publizitate guztia. Eroskiren eskaerei men eginez, bestalde, produktu hura sal zitekeela aitortzen duen ziurtagiria gehitzea onartu du, eta baita bezeroek lortu zituzten errentagarritasunak ere.

Epaileak baztertu egin du BBVAren eta Eroskiren beste eskaera bat: aditu-txosten baten egileak lekuko gisa joatea, hain zuzen ere. Onartu egin du, hala ere, txostena aktekin bat ipintzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak