Fagor Etxetresnen gainean, oraindik erabakirik ez

Leire Kortabarria 2013ko urr. 15a, 14:47

Atzo arratsaldean egindako batzar luzearen ondoren –22:00ak aldera bukatu zen–, Mondragon Inversionesek ez zuen oraindik erabakirik hartu Fagor Etxetresnen gainean, eta "lanean jarraitzen dute", Fagor Etxetresnek esan dutenez.

Batzar horretan Fagor Etxetresnetako ordezkari batzuk ere egon ziren, kooperatiba horren ordezkari gisa eta baita Inversioneseko partaide direlako. Ordu askoko bilera izan zen, arratsaldeko lehen orduetatik gauera arte.

Iñigo Urkullu lehendakariak AEBetatik esan duenez, "alderdi guztietatik" babesten du Eusko Jaurlaritzak Arrasateko kooperatiba, eta "hasiera-hasieratik" dabiltza jarraitzen Fagor Etxetresnen etorkizunaren gaineko albisteak, bai eta "Mondragon Korporazioko kooperatiba batzuei edo arlo batzuei eragin diezaiekeen legedia" ere. Izan ere, Europako Batasuneko legedia errespetatu beharko du Eusko Jaurlaritzak Fagorri eman diezaiokeen edozein laguntza edo babes-neurrik. 

Bestalde, Confebask-eko idazkari orokorrak, Nuria Lopez de Gereñuk, Fagor Etxetresnendako "konponbidea" aurkituko den itxaropena agertu du gaur Euskadi Irratian. Esan duenez, Confebask "kezkaz" dabil jasotzen  Etxetresnen egoeraren berri. "Fagor gure herriko marka bat da, kanpoan asko saldu izan dena, eta espero dut konponbidea aurkituko dela eta hainbeste lagunen ahalegina eta lana ez daitezela ezerezean geratuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak