Aitziber Garmendia: "Telefonoa isiltzen denean, beldur handia sentitzen da"

Txomin Madina Milikua 2013ko urriaren 17a

Gaztea da, baina Topagunearen azken kanpainako protagonistak eskarmentu handia du, bai telebistan eta baita antzerkian ere; laster ikusiko dugu berriz agertokietan.

1. Azkena ez duzu makala: Supermintzalaguna superheroia zara!

Bai! Kepa Errasti eta biok gara Supermintzalagunen aurpegi publikoa, baina pila bat daude Euskal Herrian. Proiektuak itxura ona zuen, bultzada eman  nahi genion eta animatu egin ginen.

2. Orain, beste obra baten entseguekin zabiltza.

Ondoko tipoa da, Txalo konpainiarena, eta Iker Galartza eta biok gara aktoreak. Komedia erromantikoa da; barre egiteaz gain aparteko xede barik. Entseguetan nire lan handiena barreari eustea da, Ikerrekin zaila da-eta! Urtarrilaren 10ean estreinatuko dugu.

3. 30 urte eta aktore beteranoa zaitugu dagoeneko...

Eskerrik asko! 18 urterekin hasi nintzen profesionalki lanean eta sekulako zortea izan dut, geldialdi gutxi izan ditut-eta. Esperientziarekin nabari da aldea, norbera lasaiago egoten da.

4. Atzera begira jarrita, zein lanekin geratu zara gusturen?

Beti diot nire lan fetitxea Emakumeak izarapean obra dela. Orain arte gehien gozatu dudan lana izan da: politena, oso xamurra, betea.

5. Goenkale-n agertu ez den euskal aktore bakarrenetakoa izango zara...

Elena Irureta eta biok! Horixe komentatzen dugu... Ez dakit zergatik; ez dut hartzen ez onera ez txarrera, baina grazia egiten dit.

6. Espainia aldean ere ibili zara antzerki biran. Zelan erdaraz?

Geroz eta hobeto. Zaldibiarra naiz eta haurtzaroan ez dut erdararik ezagutu. Hasieran, kosta zitzaidan; baina saiatu naiz, dikzio klaseak-eta hartu ditut Madrilen, eta uste dut dezente hobetu dudala. Eta hobetu nahi dut!

7. Maleta egin eta Euskal Herria uzteko prest?

Betiko, inoiz ere ez. Baina hilabete pare baterako maleta txiki bat egitea ez litzaidake axolako.

8.  Zelako pertsonaiek erakartzen zaituzte?

Fisikoak pertsonaia mota batzuk egitera mugatzen du, sarri norberarengadik gertu daudenak. Baina nigandik oso ezberdinak diren pertsonaiak antzeztea gustatzen zait.

9. Inoiz telefonoa isilduko den beldurrik?

Bai, aktore guztiek bezala. Isildu izan da tarte batzuetan, eta beldur handia sentitzen da, hutsune bat bezala; ez da ondo pasatzen. Baina honetara dedikatzeko erabakia hartzen denean, onartu egin behar da hori gerta daitekeela.

10. Txarrenera jota, beti hor izango dituzu Zuzenbide ikasketak.

Baina txarrenera jota; nahiago beste edozein lan! Ez dakit zeri begira nengoen matrikulatzean. Burugogorra naizenez, amaitu egin nuen, gainera! Hainbat gauza jakiteko balio arren, ez dut nire burua abokatu moduan ikusten.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gauzak jarri beharrean, kendu egingo nituzke. Munduan hainbeste iruzurti, gezurti, txorizo eta tranpati daude, denak kenduko nituzke. Kasualitatez, gainera, gehienak goi karguetan daude. Horiek kenduz gero, bere kasa jarriko litzateke ordena normal bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak