Debagoienean lau presok dute ezarrita 197/2006 doktrina

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 14a, 12:23

Azken egunotan hainbat komunikabidetan albiste ari da izaten 197/2006 doktrina. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak datozen egunotan emango du doktrinaren gaineko epaia. Horrek esan nahi du Estrasburgok laster ebatziko duela doktrina juridiko hori indarrean mantentzen edo indargabetzen duen. Oraindik epairik heldu ez arren, askotariko erreakzioak eragin ditu prozesu judizialak.

Debagoienean lau presok dute 197/2006 doktrina ezarrita: Jesus Mari Zabarte Garratz eta Jose Gabriel Urizar Gautxori arrasatearrek, Luis Mari Azkargorta Kanto aramaioarrak eta Xabin Usandizaga oñatiarrak.

Lau preso horiei Espainiako Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ebatzitako 197/2006 sententziak sortutako doktrina aplikatu zioten –Urizar eta Zabarteri orain dela gutxi–. Ebazpen horren arabera, 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoen kasuan, espetxe-onurak edo erredentzioak espetxe-zigor bakoitzari aplikatu zaizkie, eta ez guztira bete beharko liratekeen gehienezko 30 urteko kopuruari. Hala, Zabarte, Urizar, Azkargorta zein Usandizagari irteera data luzatu zioten. 2014ra arte, 2016ra arte eta 2018ra arte, hurrenez hurren. Espainiako Entzutegi Nazionalak ez zuen zehaztu Usandizagaren irteera-data.

Jarraian duzue doktrina ezarrita duten gure ibarreko lau presoen egungo egoera:

Jesus Mari Zabarte

 Jaiotze data: 1945/10/06.
 Herria: Arrasate.
 Atxilotze data: 1984/06/15.
 Nork atxilotua: Guardia Zibilak.
 Non atxilotua: Hernani.
 Kondenaren egoera: Kondenaren hiru laurdenak beteta. 2013ko martxoan amaitzen zitzaion kondena. 2014ko martxora arte luzatu diote espetxealdia.
 Espetxealdian igarotako espetxeak: Carabanchel, Alcala Meco, Herrera de la Mancha, Almeria, Ceuta, Salto del Negro, Puerto Santa Maria, Sevilla, Huelva eta Jaen.
 Egungo espetxea: Jaen.

Jose Gabriel Urizar

 Jaiotze data: 1955/05/02.
 Herria: Arrazola. Arrasaten bizi.
 Atxilotze data: 1985/02/26.
 Nork atxilotua: Frantziar polizia.
 Non atxilotua: Sara.
 Kondenaren egoera: Kondenaren hiru laurdenak beteta. Irteera data 2014 urtarrilerako izan arren, 2016ko urrira arte luzatu diote espetxealdia.
 Espetxealdian igarotako espetxeak: Baiona, Pabe, Herrera de la Mancha, Alcala Meco, Tenerife, Jaen eta Puerto Santa Maria.
 Egungo espetxea: Puerto Santa Maria (Cadiz).

Luis Mari Azkargorta

 Jaiotze data: 1952/06/21.
 Herria: Aramaio.
 Atxilotze data: 1988/04/21 eta 2003/ 11/27.
 Nork atxilotua: Polizia Nazionalak.
 Non atxilotua: Bergaran.
 Kondenaren egoera: Kondenaren hiru laurdenak beteta. 2003an bete eta urtarrilean askatu egin zuten. Urte bereko azaroan berriz ere espetxeratu zuten. 2018ra arte luzatu diote kondena.
 Espetxealdian igarotako espetxeak: Carabanchel, Alcala Meco, Herrera de la Mancha, Leon, Sevilla, Huesca, Martutene eta Zaragoza.
 Egungo espetxea: Zaragoza.

Xabin Usandizaga

 Jaiotze data: 1959/08/12.
 Herria: Asteasu. Oñatin bizi.
 Atxilotze data: 1997ko uztaila.
 Nork atxilotua: Guardia Zibila.
 Non atxilotua: Oñatin.
 Kondenaren egoera: Kondenaren hiru laurdenak beteta. 2013ko martxoaren 20an ezarri zioten doktrina, baina irteera data barik. Beste 13 euskal preso daude egoera berean, hau da, irteera data barik. 
  Espetxealdian igarotako espetxeak: Alcala Meco, Soto del Real, Aranjuez, Badajoz eta Jaen.
 Egungo espetxea: Jaen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak