Milaka herritar Bilbon, ‘Wert legea’ren kontra

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 13a, 14:19

Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienak deituta eta 'Lomceri ez, Euskal Herrian geure eskola' lemapean, manifestazio jendetsua egin zen atzo –zapatua– Bilbon. Guraso, irakasle eta ikasle, sindikatuetako  eta hezkuntza alorreko elkarteetako ordezkariak… milaka herritarrek hartu zuten parte.

Manifestazioaren bukaeran, Joxe Mari Eizmendik, Hik Hasiko ordezkaria, hiru mezu zabaldu zituen, denen izenean: Lomceri ezezko borobila; Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari Wert legea hemen ez ezartzeko eskaera; eta gure herriak nahi duen hezkuntza eraikitzen jarraitzeko konpromisoaren aldarrikapena. 

Debagoiendarrak ere Bilbon

Debagoienetik ere jende ugari joan zen Bilbora protesta egitera; hainbat herritatik irten ziren autobusak. Bertan izan ziren antzuolarrak ere. Bi pisuko autobusa txiki geratu zitzaien eta auto partikularrak ere erabili behar izan zituzten Bilbora heltzeko; ehun herritar inguru joan ziren guztira.


Antzuolako herritar talde bat.

Guraso, irakasle, ikasle eta ikasle-ohiek bat egin zuten manifestazioaren helburuekin. Egun batzuk lehenago zabaldu zuten orrian, gainera,  argi adierazi zuten Antzuolako eskolan "atzera pausurik" ez dutela nahi  eta hainbeste urtetan zehar eraiki duten hezkuntza eredua ez dutela "salgai": "Lomcek ikasleen eta ikastetxeen arteko leia bultzatzen du, zailtasunak dituzten ikasleak babes barik utzi, giza-balio unibertsalen ordez doktrina sustatu. Guk, berriz, uste dugu aukera-berdintasuna, elkarlana, ideia, izaera eta ahalmen ezberdinen errespetua direla kalitatezko hezkuntzaren oinarriak eta hiritar arduratsu eta kritikoak eraikitzeko bermea", adierazi du Antzuolako eskolako Pilar Etxanizek.


Lomceren kontrako pankarta ugari eraman zituzten manifestariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak