Jokoan pareko ibili arren, 4-1 irabazi dio Bergarak UDAri

Iure Eizagirre 2013ko urr. 12a, 23:33

Bergararen eta UDAren arteko derbia izan da gaur arratsaldean Agorrosin futbol zelaian. Bi taldeek erakutsi dute erasorako gogoa baina ez dute aukera garbirik izan. Bergarak ondo aprobetxatu ditu bere aukerak eta lau gol sartu dizkio Aretxabaletako taldeari.

Urduri hasi dute partidua Bergarako mutilek, lekua topatu ezinik. UDAk, berriz, hasieratik jokatu du erasora, baloia behin eta berriro ukituz, jokaldiak eraikiz. Partiduko lehen minutuetan, kanpotarrak gehiago heldu dira etxekoen atera eta Bergarak baloia airez aldenduta egin du bere jokoa.

Lehen zatiaren erdialdera, baina, ezker bandatik jasotako baloi bat baliatu du Iñigok Bergararen lehen gola egiteko. Atetik distantzia apur batera egon arren, atezaina irtenda zegoela aprobetxatu du eta haren gainetik sartu da baloia.

Lehen golaren ostean, oreka

Golaren ostean Bergarak bere lekua hartu du zelaian eta partida guztiko ezaugarri izan den oreka heldu da: bi taldeak aritu dira erasoan baina aukera garbiegirik sortu gabe.

Minutu gutxi barru heldu da etxekoen bigarren gola, UDAkoek jokoz kanpokoa eskatu duten jokaldi batean. Bergara UDAren ate aurrean erasoan ari zela, baloia aldentzen saiatu dira Alberto Albistegiren mutilak baina Enekok jaso du baloia ate aurrean, eta gola egin du.

Horren ostean atzean sartu da UDA minutu batzuetan baina berehala hasi da berriro erasoan eta Zaitegik korner batean egin du gola. Markagailuan 2-1eko emaitza zutela joan dira jokalariak aldageletara.

Bigarren zatia lehenengoaren oso antzekoa izan da eta taldeek hainbat aldaketa egin badituzte ere, jokoa parekatua egon da. Eta Bergararenak izan dira zati horretako gol bakarrak: hirugarrengoa Enekok sartu du falta baten ostean eta laugarrena, Iñigok UDAko defentsa baten aurrean atera zuzenean jaurti ondoren.

Arrate gustura, Albistegi kezkatuta

Aitor Arrate Bergarako entrenatzailea gustura zegoen partiduaren ostean, nahiz eta aitortu duen jokoa kontuan izanda, "heldutako bakoitzean sartzea lortu dugu. Beste batzuetan, lehengo astean moduan, gure aurkariei gertatu zaie hori".

Alberto Albistegik, berriz, bergararren bigarren goleko jokoz kanpokoa izan du gogoan. Eta bere jokalarien animoa eta gogoa indartsu dagoela adierazi duen arren, "zerbait falta zaigu eta hori lortzeko lan egingo dugu datozen entrenamenduetan", azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak