Aitor Mendizabal, Lau t’erdiko txapelketara

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 12a, 13:13

Atzo gauean –barikua– lortu zuen torneo horretarako txartela, Bergaran jokatutako aurre-kanporaketan Joseba Ezkurdia mendean hartu eta gero: 22-10. Antzuolakoa bigarrenez egongo da, beraz, Lau t’erdiko txapelketan. Joko erakustaldi bikaina egin zuen Mendizabalek, jendez, eta batez ere bere aldeko zaleez, betetako frontoian.

Antzuolarra ez zen faboritoa, ez behintzat askorentzat; inor gutxik pentsatzen zuen Lau t’erdiko txapelketarako bidean Ezkurdia mendean hartuko zuenik, baina halaxe egin zuen.

Ez zuen neurketa ondo hasi; Ezkurdiak, aldiz, txukun ekin zion, luze jokatuz. Antzuolakoa apurka-apurka gorantz joan zen, ordea, eta airez eta jokoari abiadura ipiniz, Ezkurdia atzean uztea lortu zuen apurka-apurka; zentzu horretan, antzuolarrari primeran etorri zitzaion Arbizukoak bederatzigarren tantoan egindako pilota aldaketa, erritmoa azkartzeko lagungarri izan zitzaion-eta.

Pilotari "ausarta"

Bitik bi, beraz: Aitor Mendizabal Lau t’erdiko pilota txapelketan izango da bigarren urtez jarraian. "Oso pilotari ausarta da, ez da beldurtzen, opari gutxi egiten ditu eta bere tresnak oso ondo erabiltzen eta aurkariari gauzak zail ipintzen daki", esan digu Reyes Azkoitiak, Bergarako pilota entrenatzaileak.

Rezustak eta Titinek ezin

Ez zuen zorte bera izan Beñat Rezusta bergararrak. Txapelketako partidua amaitu ostean, Jaka eta Zabaletaren kontra neurtu zituen indarrak, Titin III.arekin bikotea osatuta, baina ez zen posible izan; 13 tantotan geratu zen bikotea.

Titin III.ak pilota onak lagatzen zizkiola aurrean, hasi, ondo hasi ziren, baina bidelaguna txikitzen-txikitzen joan zen, eta gisa horretan zail izan zuten Jaka eta Zabaleta moduko bi pilotariri aurre egitea. "Ez zen partidu txarra izan; are gehiago, nik esango nuke 10. tantora arte txukun aritu zirela. Baina, hortik aurrera batez ere, aurkariek neurketan jaun eta jabe izatea lortu zuten", azaldu du Reyes Azkoitiak.

Jaialdi "arrakastatsua"

Jaietatik aparte, Bergaran ez da aspaldian pilotari profesionalen partidurik antolatu. Atzokoa aukera polita zen, beraz, eta ederki aprobetxatu zuten hori pilotazaleek. Goiko harmailetarako sarrerak –300 baino gehiago– salduta zeuden 20:00etarako, eta behekoetan ere beste horrenbeste lagun batu ziren gutxienez. 700 bat lagunek jarraitu zituzten, beraz, atzoko partiduak, eta aparta izan zen giroa: "Erabateko arrakasta" izan zen, kontatu digu Azkoitiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak