LOMCE legearen aurka agertzeko dei egin dute bailarako eragileek

Leire Kortabarria 2013ko urr. 11a, 14:33

Debagoieneko ikastetxeek eta askotariko eragileek dei egin dute bihar, zapatua, Bilbon, LOMCE hezkuntza erreformaren aurkako kale agerraldian parte hartzera. LOMCEri ez! Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki leloa izango du agerraldiak eta Jesusen Bihotzetik hasita abiatuko da, 17:00etan.

Deitzaileen artean, UEU, Ikastolen Elkartea, EHIGE, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak, NIZE, BIHE, Sarean, ELA, LAB, STEE-EILAS eta Hik Hasi eragileak daude. Euskararen Kontseiluak eta CCOO sindikatuak ere bat egin dute deiarekin. Manifestazio "alai eta koloretsua" egin nahi da, eta ikasle, guraso, irakaskuntzako langile eta herritar guztiak deituak daude Bilboko kaleak betetzera, deitzaileen esanetan.

Debagoienean, bat egin dute eragile gehienek, ikastetxeek, guraso eta ikasle ohien elkarteek, udalek… 

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak LOMCE (Ley Orgánica de Mejora de la calidad Educativa) legearen bidez ezarri nahi du hezkuntza sistemaren erreforma.

Autobusak antolatu dituzte

Deitzaileek "argi" utzi nahi dute "Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko aurkakotasuna", eta "zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den" lege hori "bertan behera uzteko exijitzen" dute. Kale-agerraldian, garbi utzi nahi dute euren jarrera: "Inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dezaten", esan dute.

Herriz herri ere, deialdiak egin dituzte.

  • Arrasaten, Ikasle Abertzaleak eta Ernai taldeek elkarretaratzea deitu dute gaurko, egubakoitza, Herriko Plazan (18:30). Biharko agerraldira joateko, Arrasate Herri Eskolako guraso elkarteak autobusa antolatu du, Garibaitik, 15:30ean.
  • Oñatin, Txantxiku Ikastolak autobusa antolatu du, Ibarrako geltokitik, 15:00etan; bueltakoa 20:00etan irtengo da Bilbotik.
  • Antzuolan, Udalak, eskolak, Pausoka guraso elkarteak eta ikasle-ohiek ere autobusa antolatu dute. Olarandik 16:00etan irtengo da eta doan izango da. Izena Udaletxean, Eskolan edo Gaztetxean eman daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak