Eroskiren ekarpenetako dirua bueltatu egin beharko dio bezero bati BBVAk

Leire Kortabarria 2013ko urr. 11a, 13:00

BBVA banketxeak bueltatu egin beharko dizkio erretiratu bati Eroskiren ekarpen preferenteetan inbertitu zituen 182.500 euroak. Hala erabaki du Bilboko Lehen Instantziako 12. Auzitegiak.

Epaiak dioenez, erretiratu horrek ez zuen BBVArengandik finantza-produktu horren gainean informazio nahikoa jaso. Horregatik, banketxeak inbertitu zuen dirua eta produktua erosi zuenetik ordaindu dituen interesak bueltatu beharko dizkio. Epaian esaten denez, bezeroa Bilboko Iruña kaleko BBVAren sukurtsalean atenditu zuen langilearekin fidatu zen, eta langile horrek "arrisku bako" eta dirua edozein momentutan berreskuratzeko moduko produktu berri baten inbertitzera gonbidatu zuen gizona. Hortaz, bezeroak 2004an 30.000 euroko ekarpenak erosi zituen, eta 2007an, beste 150.000 euroko erosketa egin zuen, baina, berak salatu zuenez, "inork" ez zion esan "inbertsio hori betirako zela, ez eta errentagarritasuna ez zegoela ziurtatuta".

Auzitegiak kontuan hartu du ere salatariaren profila: familia-enpresa bateko burua, "finantza-informazio zehatzik gabe", eta "2004ra arte, bakarrik BBVAko akzioak erosten inbertitu" zuena.

"Edozein herritarrek susmatuko luke?"

Horrez gain, BBVA gaitzetsi zuen informazio nahikoa ez ematearren, eta honako galdera utzi zuen: kontratu horiek "irakurtzetik", edozein "herritar arrunt gai izango litzatekeen aurreikusteko edo, gutxienez, susmatzeko, kontratatutako produktuak arrisku horiek zituela".

20 egun ditu BBVAk Bizkaiako Audientzian errekurtsoa aurkezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak