AEBekin elkarlan-sarea osatzen hasi da lehendakaria Washingtonen

Leire Kortabarria 2013ko urr. 10a, 17:12

Ameriketako Estatu Batuetako ordezkari politikoekin elkarlan-sarea osatzen hasi da Urkullu lehendakaria, egunotan Arantza Tapia Ekonomia sailburuarekin eta Jaurlaritzako beste partaide batzuekin AEBetan egiten dabilen bidaia ofizialaren barruan. Euskal ekonomiaz gain, bakeaz ere jardun du Urkulluk; hala, USIPeko –AEBetako Bake Erakundea– presidentearekin batzartu da, eta Jaurlaritzaren bake plangintzaz hitz egin du.

Eguaztenean, Washington DCn, Kapitolioan, hainbat ordezkari politikorekin batzartu zen Urkullu; tartean, John Garamendi kongresistarekin eta Idahoko James Risch senatariarekin. Helburua da Euskadik eta AEBek dituzten interes komunak batera lantzea etorkizunean.

Lehendakariak adierazi zuenez, kongresistei azaldu zien "Espaniako estatuaren osaketa eta zer den euskaldun izatea, eta beste Estatu eredu baten euskaldunok izan ditzakegun helburuak edo Europako estatu batuak eraikitzeko prozesuan parte hartzeko beharra".

Euskadiren egoeraren berri eman die Kongresuko kideei, eta krisitik irtetea helburu nagusitzat ipini zuen. Europako Batasunaren eta AEBen arteko Merkataritza Askeko Tratatuak Euskadirendako ekar ditzakeen aukera ekonomikoak ere aipatu zituen, eta Euskadi Europako Batasunaren zein AEBen "ate" izan daitekeela esan zuen.

AEBen politika, Euskadirendako mesedegarri

Lehendakaria Arantza Tapia Ekonomia eta Lehiakortasun sailburuarekin dago AEBetan, datorren astelehenera arte. Tapiak beste topaketa batzuk izan ditu; tartean, Sherrod Brown demokratarekin eta Lee Ferry errepublikarrarekin hitz egin zuen. AEBetako gobernuak herrialde horretan bertan gehiago ekoizteko neurriak ezarri nahi ditu, eta, Tapiak esan zuenez, "industriara bueltatzeak eta merkataritza askeak euskal enpresendako egoera mesedegarria ekarriko dute". Gaineratu zuenez, "euskal enpresak dagoeneko badauka txokoa AEBetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak