Etxebizitza Planaren gaineko parte-hartze epea irekiko du Eusko Jaurlaritzak

Leire Kortabarria 2013ko urr. 10a, 13:37

Datozen hiru urteotarako Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza planaren gaineko iritziak eta proposamenak jasotzeko parte-hartze epea irekiko du gobernuak. Urriaren 14tik azaroaren 8ra bitartean parte hartu ahal izango da.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila Etxebizitza Plan Zuzentzaile berria egiten ari da. Plan horrek gobernuaren arlo honetako jarduna antolatuko du, 2013-2016 aldian.

Proposamenak eta iritziak emateko bi bide daude: bat, Irekia zerbitzuaren bidez; eta bestea, http://etxebizitza.blog.euskadi.net webgunearen bidez.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, aurreko bi planetan bezala, arlo horretako adituei, herritarrei eta, "bereziki, Etxebiden izena emanda dauden pertsonei" ahotsa eman nahi die.

Partaidetza prozesuak bi helburu edukiko ditu: Eusko Jaurlaritzak Plan Zuzentzailearen zirriborroan planteatzen dituen proposamenak kontrastatzea eta herritarren proposamen berriak identifikatzea.

Hauek dira eztabaidagai jarriko diren gai nagusiak:

- Alokairuko etxebizitza berrien sustapena eta alokairuko etxebizitzak eskuratu ahal izateko sustapen-mekanismoak.

- Etxebizitza eskuratzeko eredu berriak.

- Etxebizitza-politikaren lehentasunezko kolektiboak zeintzuk diren zehaztea.

- Etxebizitza hutsen kopurua murrizteko tresnak.

- Etxebizitzen berritzea eta hiri-berroneratze eta hiri-berritze politikak.

- Herritarrek etxebizitza-politiketan izan behar duten parte hartzea.

Txostena egingo dute gero

Prozesua bukatutakoan, Partaidetza Txosten bat egingo du Eusko Jaurlaritzak. Txosten horretan, Etxebizitza Sailburuordetzak jasotako proposamenen berri eman eta zertara bideratuko diren azalduko du, bai Plan Zuzentzailean sartutakoen kasuan bai baztertu direnen kasuan ere. Azken horiei dagokienez, kontuan ez hartzeko arrazoiak ere adieraziko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak