48. Durangoko Azokak badu kartela

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 9a, 20:23

Horixe da azokaren izen ofizial berria: Durangoko Azoka. "Orain urte batzuk hasitako bideari jarraituz, azokak gune eta kultur diziplina guztiei leku egin nahi die, baita izenean ere", azaldu du Nerea Mujikak, Gerediaga elkarte antolatzailearen lehendakariak. Goizean egin du iragarpena, aurtengo edizioaren kartela aurkezteaz batera; Itziar Okariz artista donostiarrak egin du, Virginia Woolf idazlearen 'Gela bat norberarena' obran oinarrituta.

Zuriaren gainean hitzak dantzan. Irudi horrekin osatu du kartela Itziar Okariz artista donostiarrak. Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 48. edizioa, eta azokarako propio egin du. Lehiaketaren formula baztertu eta, azokaren sorreran bezala, kartela egiteko proposamena euskal artista bati luzatu die Gerediaga elkarteak. 2. kapitulua, V.W. izena du Itziar Okarizen performanceak, eta ekintza artistikoaren partitura edo gidoia da kartela.

Laburragoa eta zabalagoa

Bestetik, azokaren izen berria iragarri du Nerea Mujikak, Gerediaga elkarte antolatzailearen lehendakariak. "Durangoko euskal liburu eta disko Azoka izen luze eta murriztailea utzi, eta Durangoko Azoka soilik izango da ofizialki aurrerantzean. Laburragoa, eta era berean, zabalagoa, bere barruan sartzen direlako gune guztiak, diziplina guztiak. Bide horretan ari gara lanean 2008az geroztik. Guztiok argi dugu hori dela etorkizuneko azokaren eredua. Guztion Azoka", zehaztu du Mujikak.

Urte "zail" batetik

Azken urte hau zaila izan dela gogoratu du Mujikak: "Ez da erraza izan ez Gerediaga elkartearentzako, ez guneentzako, ezta langileentzako ere. Gerediaga elkartean ez dugu asmatu erabaki guztiak behar bezala plazaratzen. Horrek guztioi kalte egin digu, gure asmoa ez izan arren".

Hala ere, mezu baikorra plazaratu du elkarteko lehendakariak edizio berriari begira: "Herritarrok osatzen dugun elkarte honetan argi daukagu edozein eztabaidaren aurretik dagoela Durangoko Azoka, euskal kulturak eta azokara etortzen diren milaka lagunek hori merezi dutelako. Horregatik, gure helburua Durangoko Azokak aurrera egitea da. Aurrera egingo dugu, eta indartu egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak