Autobus zerbitzua hobetzeko bilerak egingo ditu Aldundiak herritarrekin

Jon Berezibar 2013ko urr. 9a, 19:30

Garraio publikoaren erabilera areagotu eta zerbitzua hobetzeko bilera irekiak egingo dituzte Aldundiak eta udalek herritarrekin. 2014an Gipuzkoako autobus emakidak berritu baino lehenago, zerbitzuaren inguruan eztabaidatu gura dute herritarrekin haien iritziak jasotzeko. Bilera irekiak Debagoieneko herri guztietan egingo dituzte urriaren 9an hasi eta hilaren 23ra arte.

Aldunditik mugikortasuna hobetzen jarraitzeko apustuarekin jarraitzen dutela agindu du gaurko prentsaurrekoan Unai Erroitzeneak, Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak. Mugi txartela urrats handia izan zela dio eta orain garraio gabezia handienak dituzten eskualdeetan egin gura dutela lan; tartean, Debagoienean.

2014ko abendura arte iraungo duen prozesua aurkeztu dute gaur Debagoieneko alkate eta Mankomunitateko ordezkariekin. 2014ean Gipuzkoako autobus emakidak berriztu baino lehenago herritar eta inplikatuekin prozesu parte-hartzailea egin gura dute autobus zerbitzua hobetzeko. Bilera irekien bitartez, herri barruko zein herrien arteko zerbitzu, geltoki, lotura zein autobusen maiztasunari buruz egingo dute berba Udaleko eta Aldundiko ordezkariek herritarrekin. Webgune bat ere ipini dute ekarpenak egin ahal izateko eta postontziak ipiniko dituzte eraikin publikoetan eta zenbait autobusetan, herritarren iritziak jasotzeko etxeetara banatuko dituzte diptikoak utzi ahal izateko.

Lau fase

Datorren astean hasiko dira lehen fasearekin eta azarora bitartean parte-hartze bileren lehen itzulia egingo dute. Hortik otsailera arte jasotako proposamenekin hobekuntza proiektua idatziko dute. Proiektua eskuan, herritarrekin bigarren itzuli bat egingo dute; hirugarren fasea, alegia. 2014ko maiatzetik abendura arte, ostera, behin betiko txostena idazten jardungo du Aldundiak eta abenduan lizitazioa abiaraziko du.

Bilerak

Esan moduan, orain, bileren lehen itzuliarekin hasiko dira. Saioak hauek izango dira.

ANTZUOLA: Urriak 16, udaletxean, 18:00etan.
ARETXABALETA: Urriak 14, Arkupen, 18:00etan. Urriak 9, Basotxon, 18:00etan.
ARRASATE. Urriak 23, Kulturaten, 19:00etan.
BERGARA. Urriak 21, Irizar jauregian, 18:00etan.
ELGETA. Urriak 17, udaletxean, 19:00etan.
ESKORIATZA. Urriak 22, Ibarraundi museoan, 18:30ean,
LEINTZ GATZAGA. Urriak 11, udaletxean, 19:30ean.
OÑATI. Pleno aretoan, urriak 15, 18:30. Urriak 10 Zuazola. Larraña Institutuan 9:00etatik 12:00etara (3 saio).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak