Lau t'erdikorako azken geltokia egubakoitzean Bergaran

Xabier Urtzelai 2013ko urr. 9a, 17:38

Aitor Mendizabalek Bergaran izango du egubakoitzean Lau t'erdiko Txapelketan jokatzeko txartela (22:00. ETB1). Torneo horretan egoteko aurre-kanporaketan izango zela azken orduan abixatu ostean, domekan Aritz Lasa mendean hartzeko gauza izan zen antzuolarra, Astelena pilotalekuan partidu oso txukuna jokatuta (22-14). Egubakoitzean Ezkurdia izango du aurrez-aurre, Bergaran. Sarrerak hemen

"Aritz Lasa oso kontrario gogorra zen, eta Ezkurdiaren gainean beste horrenbeste. Ez da batere erraza izango", azaldu zuen Antzuolakoak partidua amaitu eta berehala. Enpresak txapelketan egoteko aukera eman diolako pozik, astea egubakoitzeko hitzordua prestatzen eman du Mendizabal III-ak. 

Iaz, final-hamaseirenetan 

Bergarako partiduan Ezkurdia mendean hartzen badu, Mendizabal bigarrenez egongo litzateke Lau t'erdiko txapelketan, iaz egin zuen-eta torneo horretan debuta. Bigarren mailakoa irabazi izanak eman zion lehenengorako txartela, baina gutxi gozatu ahal izan zuen, final-hamaseirenetan Iker Arretxeren kontra galdu egin zuen-eta, 22-13.

Beñat Rezusta Titin III. arekin

Mendizabal eta Ezkurdiaren artekoa ez da izango, ordea, egubakoitzean Bergaran jokatuko den partidu bakarra: herri bertako Beñat Rezustak Jaka eta Zabaletaren kontra neurtuko ditu indarrak, Titin III.arekin batera.

Kantxako sarrerek 25 euro balio dute eta goikoek 10; 18 urtetik beherako pilota lizentziadunek, berriz, ez dute ezer ordaindu beharrik izango.

Jaietatik aparte, Bergaran ez da aspaldian pilotari profesionalen partidurik antolatu eta barikuko jaialdia aukera polita da, beraz, bergararrentzat nahiz inguruko herrietakoentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak