'Heziberri 2020 Plana' adostu dute Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragileek

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 9a, 16:17

Gaur goizean sinatu dute plana martxan jartzeko akordioa Lakuan.

Heziberri 2020 Plana izango ote da LOMCE legeak hezkuntza komunitatean eragindako gaitzespenari erantzuna emango dion egitasmoa? Horrela adierazi dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailetik.

Egitasmo berria da Heziberri 2020 Plana. Gaur goizean plana martxan jartzeko akordioa sinatu dute Lakuan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eta hezkuntzako hainbat eragilek —AICE/IZEA, BEI/CCDD, BIHE, EHIGE, EIB, Erkide Irakaskuntza, Ikasgiltza, Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, Magisteritza Eskolak-Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fak., UPV-EHU, Sarean, eta Sortzen—.

Jaurlaritzatik jakitera eman dutenez egitasmoaren helburua da "Europako esparruan hezkuntza eta prestakuntzari buruz 2020rako finkatu diren ildo estrategikoak garatzea, eta euskal hezkuntzak dituen berariazko erronkei erantzuna ematea". Horretarako Heziberri 2020 Planak hiru egitasmo nagusi jasotzen ditu:

1. Hezkuntza eredu pedagogikoaren marko propioa sortzea eta adostea.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum Dekretuak prestatzea eta adostea.

3. Euskal Hezkuntza Legerantz hurbiltzeko urratsak egitea.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak agerraldia egingo du Legebiltzarrean egitasmo berria azaltzeko. Urriaren 14an, astelehena, izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak