Delorean taldeko musikariak aske dira, Mexikon bahituta egon ostean

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urr. 8a, 18:01

Berria egunkariak dioenez, 8 orduz bahituta eduki dituzte Delorean musika taldeko kideak Mexikon. Gaur utzi dituzte aske, Espainiako Poliziak Berria-ri baieztatu dionez. Zarauzkoak, Gipuzkoakoak, dira taldekideak, eta telefono bidez erreskatea eskatu zieten haien senideei, baina horri buruzko daturik ez duela ziurtatu du Poliziak.

Berria-k dio familiak eskatuta, bahiketari buruzko berririk ez da zabaldu komunikabideetan. Igandeaz geroztik galdu zuten haiekin komunikazioa. Poliziak gaur jakinarazi du onik daudela, bahiketa bukatuta, baina oraindik ez dituzte xehetasunak eman.

"Bahiketa birtual" bat pairatu dute Delorean taldeko kideek; telefono bidez, kontrolatuta daudela sinestarazten diete, etxetik ateraz gero euren bizitzak arriskuan daudela esanez. Four Point hotelean zeuden taldekideak ostatu hartuta, Mexiko DF hiriburuan.

Han kontzertu bat ematera joanak ziren Delorean taldekoak. Apartour bira egiten ari dira azken asteetan, haien Apar azkeneko diska dena aurkeztuz. Ostiralean kontzertua emanda, igandea goizean galdu zuten haien arrastoa.

Taldekideen senideek Mexikotik dei bat jaso zuten, eta Ertzaintzara jo zuten orduan, salaketa aurkeztera. Harrezkero, zain eta estu egon dira senideak 48 orduz. Gaur polizien berria jakin duten arte.

Delorean 2000. urtean sortu zuten, Zarautz aldeko lau gaztek. Aldaketa batekin, gaur egun ere lau dira taldekideak: Guillermo Astrain, Igor Escudero, Unai Lazkano eta Ekhi Lopetegi.

Guztira zortzi disko, luzeak eta EPak zenbatuta, publikatu dituzte harrezkero: Silhouettes (Bcore Disc, 2001), Delorean (Bcore Disc, 2004), The Metropolitan Death (Bcore Disc, 2005), Into The Plateau (Bcore Disc, 2006), Transatlantic KK (Simple Social Graces, 2007), Ayrton Senna (Mushroom Pillow - Fool House, 2009), Subiza (True Panther Sounds, 2010) eta Apar (True Panther - Mushroom Pillow, 2013).

Bira luzea egiten ari ziren, Apartour izenarekin. Atzo eta hurrengo egunetan Amerikako Estatu Batuetan ematekoak zituzten kontzertu batzuk bertan behera utzi dituzte, Seattlen Neumos aretoan bihar eman behar zutena, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak