Iñigo Lamarka: "Kanpokoen iritziz, euskal herritarrak toleranteak gara"

Donostiarra eta abokatua, euskal LGBT mugimenduaren bultzatzaileetako bat izan zen; 2004a ezkero Arartekoa da, administrazioen aurrean pertsonen eskubideen babeslea.

1. Zenbatetan defendatu behar izan duzu Arartekoaren beharra?

Harro eta kontent nago: Arartekoa errotuta dago euskal gizartean, eta, gure gomendioak derrigorrak ez badira ere, administrazio publikoek betetzen dituzte: iaz, %85tik gora. 

2. Arartekoa izateko derrigorrezkoa al da idealismo puntu bat?

Bai. Legea era ezberdinetan interpreta daiteke eta gure lana da interpretazioa eskubideen ahalik eta aldekoena egitea. Horretan laguntzen dute gizarte justizia eta kohesioaren aldeko ideiek; baita ere eskubideen alde egiteko gogoak. 

3. Bi urtean %50 igo zaizkizue kexak. Krisiarekin lan gehiago duten bakarrenetakoak izango zarete!

Lanbide eta gizarte langileek ere bai, zoritxarrez. Krisiak familia eta pertsona asko kolpatu ditu, asko geratu dira gizarte bazterkeria arriskuan; baina klase ertaina ere kaltetu du.

4. Krisiarekin, eskubideak ez dira hain eskubide?

Oso kezkagarria da: gizarte eskubideen babes sistema kolokan dago eta gizarte eskubideak giza eskubideak dira, bete beharrekoak. Euskal administrazioak mantentzen saiatzen dabiltza, baina egon dira murrizketak. 

5. Kexatzea libre da. Kexei erantzuna ematea...

Gu derrigortuta gaude, eta administrazio guztiek ere egon beharko lukete arrazoiekin erantzutera.

6. Gauzak aldatu ahal izanaren gozoa edo ezin izanaren garratza, zein zapore izan duzu gehiago?

Zaporea gazi-geza da, bai, baina askoz gehiago izan dira lorpenak porrotak baino. Baina ez dut Arartekoa asebeteta utziko, eraginkortasuna ez delako %100 izan.

7. Euskal jendartea uste edo esaten dugun bezain irekia al da?

Esango nuke baietz. Iritzi baliagarriena da kanpokoek emandakoa, eta horien arabera fama hori dugu, tolerante fama. Homofobia, xenofobia eta sexismoa badaude; baina beste gizarte batzuekin alderatuta, nahiko ahul.

8. ''Gay nauzu''. Oraindik ere esatea kostatzen den esaldia?

Euskal gizartean zorionez ez; jaso ditudan testigantzen arabera, izugarri aurreratu dugu nire nerabezarotik edo liburua idatzi nuenetik hona. Baina oraindik ere bada zer hobetu, batez ere eskoletan.

9. Zure lehen liburuaren izena ere bada Gay nauzu. Hor bukatu zen literaturaren eta zure artekoa?

Ez. Datorren urtearen urrian edo azaroan utziko dut Arartekoa, eta pena ematen dit; baina egia da beste ezer egiteko astirik ez dudala, eta uztean, besteak beste, lehentasuna idaztea izango da. 

10. Dena ez da lana eta militantzia; deskonektatzeko, zer?

Ordu asko eserita nagoenez, astean zehar ariketa egiten dut; baita irakurri eta paseatu ere.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Helburu nagusia izango litzateke bai Euskal Herrian eta baita munduan ere giza eskubideak betearaztea eta azpihelburu gisa, bazterkeria oro eta emakumeen kontrako indarkeria oro ezabatzea eskatuko nuke. Zerrenda luzea izango litzateke, baina hortik hasiko nintzateke".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.