Jaitsiera tasa hori Espainiako ekonomiak jasotakoaren antzekoa da (% -1,6), baina oso urrun dago Europako Batasunak lortu duen tasatik (%0,0), azken hau atzeralditik irten delako.
Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren hitzetan, "Europak izan duen hobekuntza begi-bistakoa den arren", kanpo eskariak hiru dezima bakarrik ekarri dizkio Euskadiko BPGri, aurreko hiruhilekoan baino bat gehiago. Aldiz, barne eskariak 0,3 gutxitu du bere ekarpen negatiboa, 1,8 puntu arte. Beraz, bigarren hiruhilekoan ekonomiak hobera egin du, zati handi baten, barne-ekonomiaren osagaien portaera "ez hain negatiboaren" ondorioz.
Ekipo-ondasunek "bilakaera itxaropentsua" izan dute, oraindik tasa negatiboetan (% -1,1) egon arren.
Familien kontsumoa asko jausi zen aurreko hilabeteetan, eta azken hiruhilekoan, % -0,9ko tasan geratu zen. Aldiz, administrazio publikoen kontsumoa berriz ere oso zifra negatiboetan geratu zen (% -2,1).
Ekoizpen arlo guztiak urte hasieran baino hobeto portatu dira urteko bigarren hiruhilekoan. Hala, industriak urte arteko % -2,7ko tasa izan zuen, azken urte eta erdiko jaitsierarik txikiena; eraikuntzak 2 dezima hobetu zituen bere zifrak (% -6,6); eta zerbitzuek % -0,7ko tasarekin bukatu zuten. Egileek hobekuntza "nabarmena" antzeman dute administrazio publikoan, hezkuntzan, osasunean eta zerbitzu sozialetan (% -0,4) eta baita komertzioan, ostalaritzan eta garraioan ere (% -1,6).
Lehenengo tasa positiboak, 2014an
Urte bukaerarako aurreikuspenak ematen ditu Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak. Horien arabera, euskal ekonomiak bere onera etortzen jarraituko du, eta urte bukaerarako % 1,1 jaitsiko da BPG. Lehenengo tasa positiboak 2014ko lehen hiruhilekoan lortuko dira: % 0,9ko tasa.
Hala ere, enpleguak "konpondu gabeko arazoa" izaten jarraituko du eta % 2,2 murriztuko da urte bukaerarako: urteko batez besteko 20.000 enplegu galduko dira.