Euskal eredu ekonomikoa Washingtonen aurkeztuko du Arantza Tapiak

Leire Kortabarria 2013ko urr. 7a, 12:50

Arantza Tapia Ekonomia eta Lehiakortasun sailburuak gaur hasi du AEBetako agenda ofiziala. Washingtonen gai ekonomikoez egingo duten agendan parte hartzea da helburua. Besteak beste, euskal eredu ekonomikoa aurkeztuko du Garapeneko Nazioarteko Bankuaren aurrean, eta Obamaren gobernuko bi idazkariorderekin batzartuko da.

Juan Ignacio Garcia de Motiloa Industria sailburuordearekin eta Imanol Aburto Internazionalizazioko zuzendariarekin joan da AEBetara sailburua.

Eusko Jaurlaritza interesaturik dago manufakturak Estatu Batuetara bueltarazteko ekimenarekin; hala, AEBetako Senatuko eta Kongresuko ordezkariekin bi saio antolatu ditu Ekonomia sailburuak, politika horiek euskal enpresetarako ekar ditzaketen aukerak aztertzeko helburuz.

Gaur, 11:00etan -hemen, 17:00etan-, Tapia sailburuak mintegi batean parte hartuko du Garapeneko Nazioarteko Bankuan. Bertan, euskal ekonomia ereduaz jardungo dute: Euskadiko Clusterren Politika eta lehiakortasunean duten eragina.

Arratsaldean, John Hopkins Nazioarteko Ikerketa Eskola Aurreratuan (SAIS) mahai-inguru batean parte hartuko du. Bertan, Atlantikoko arroa globalizazioko gune nagusi bezala landuko dute, Europaren eta Estatu Batuen arteko harreman transatlantikoen ikuspegitik, baita ikuspegi energetikotik ere.

Obamaren plangintza ezagutuko du

Bihar, martitzena, erakunde arteko hainbat topaketa izango ditu Arantza Tapiak. Bi gai jorratuko dituzte:  Merkataritza Askeko Itunaren eta Obamaren Gobernuak sustatutako politiken etorkizuna Amerikako lurretara manufakturak eramateko.

Goizean, Francisco J. Sánchez AEBetako Nazioarteko Merkataritzako idazkariordearekin elkartuko da Tapia. Hura da AEBetako Gobernuaren eta Europako Batasunaren arteko negoziazioen arduraduna, Merkataritza Askeko Itunaren etorkizunari dagokionez.

Eguerdian, Energia Sailarekin jardungo dute. Eraginkortasun Energetikorako eta Energia Berriztagarrietako idazkariordearekin bazkalduko du, eta AEBek sustatutako energia garbiak fabrikatzeko ekimena ezagutuko du.

Senatari eta kongresistekin batzarrak

Industria AEBetara bueltaraztearen inguruko ekintzei dagokienez, martitzen arratsaldeko lehen orduan, Sherrod Brown senatariak, fabrikazio nazionaleko politikak definitzen diharduenak, aurkeztuko dizkio Tapia sailburuari esandako helburuarekin Obamaren Gobernuak diseinatu dituen neurriak.

Lee Ferry kongresistarekin izango du ondoren bilera, Kongresuko merkataritza eta manufaktura azpibatzordeko presidentearekin.

Arantza Tapiak Washingtonen izango duen agenda esklusiboa amaitzeko, bilera bat egingo du Martin Lowery Landaguneetako Kooperatiba Energetikoen Elkarte Nazionaleko zuzendari exekutiboarekin. Erakunde hori 900 kooperatiba elektrikok baino gehiagok osatzen dute, 42 milioi biztanle dauzkate 47 estatutan eta AEBetako salmenten % 15 biltzen dute.

Eguaztenetik aurrera, Arantza Tapia sailburuak Urkullu lehendakariaren agendarekin bat egingo du, euskal enpresak ardatz hartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak