Bergararrak hobeto hasi dira baina MUk irabazi du gaur

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 6a, 23:04

Ander Zeziagaren mutilek 57-52 irabazi diote Soraluze-Bergarakoei.

Bost puntuko aldearekin nagusitu zaio gaur eguerdian Mondragon Unibertsitatea (MU) Soraluze-Bergara taldeari. Antoñan jokatu dute norgehiagoka eta indartsuen Bergarako taldea hasi bada ere etxekoak nagusitu dira azkenean.

Lehenengo laurdenean zortzi puntuko aldea zuten mahoneroek markagailuan. "Hasieran dena sartu dute", zioen partidu amaieran MUko entrenatzaile Ander Zeziagak. "Eta hiruko marratik, gainera, baina gure jokoa egin dugu eta poliki-poliki alde hori murriztea lortu dugu".

Bigarren laurdenean min handia egin dute Arrasatekoek eta berdintzera iritsi ez badira ere asko murriztu dute hasiera batean Bergarakoek zabaldutako aldea. "Lehenengo zatia oso ondo jokatu dugu", adierazi du Bergarako entrenatzaile Jon Beistegik. "Bigarrenean konfiantza gehiegi hartu dugu akaso, eta hor egon da akatsa". Gauzak horrela atsedenean 26-29 jasotzen zuen markagailuak.

Hirugarren laurdena arrasatekoendako izan da argi eta garbi; emaitza partziala 16-6 izan da-eta. Orekatuagoa izan da laugarren laurdena eta Bergararrek egin dituzte saskiratze gehiago, baina garaipena etxekoendako izan da azkenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak