Antzuola txanponaren aurpegia, Aretxabaleta gurutzea

Asier Alkorta 2013ko urr. 6a, 22:54

Gaur jokatu dute Antzuolak, Mondrak eta UDAk eta aurreneko bi taldeek irabazi duten bitartean, aretxabaletarrek ez dute zorterik izan. Zapatuan, ostera, Fanderian irabazi egin zuen Aloñak eta Gal-en, berdindu Bergarak.

Antzuolan pozik ziren partidu amaieran. Lasarteko Ostadar taldearen aurkako norgehiagoka 3-0 amaitu da. "Pozik gaude emaitzarekin, baina partidu gogorra izan da", zioen norgehiagoka amaieran Josu Zubikarai jokalariak.   

Sarrera gogorrak egon dira partiduan, eta jokalari batek baino gehiagok hartu dute min. Kolpe larriena amaierako minutuetan Antzuolako jokalari Imanol Arantzabalek hartutakoa izan da: sorbalda bere tokitik irten zaio, berriz ere. 

Lehen zatiko gola

Partiduko lehenengo gola polita izan da: Hasier Larreak egin du 22. minutuan ezkerreko hankarekin jaurtiketa indartsua eginda. Baloia zuzenean joan da Lasartearren ateko sarera.

Ostadarrekoak saiatu dira erasoan, eta atsedenaren aurretik pare bat jaurtiketa arriskutsu  egin dituzte, baina esan beharra dago Antzuolako atezain Jon Iturbe oso ondo aritu dela. "Atezain oso ona dugu bai", esan du Zubikaraik. "Mailako onenetariko bat izango da, eta gaur ere erakutsi egin du hori". Hala, atsedenean 1-0 jasotzen zuen Estalako markagailuak.

Beste bi golak

Etxekoen lehenengo golaren ostean dezente zatartu da giroa Estalan. Lasartearrek epailearen erabaki asko kritikatu dituzte futbol zelai barrutik zein kanpotik, eta areagotu egin da tentsio maila. Bigarren zatiko lehenengo minutuetan Jon Iturbe atezaina nabarmendu da, berriz ere, hiru bat geldialdi ikusgarri egin ditu-eta.

Orduan, Antzuolakoen bigarren gola iritsi da. Josu Zubikarai egin du 76. minutuan. Buruz egin du, eta min ere hartu duen beste jokalari batekin aurrez aurre talka eginda.

Etxekoen bigarren gola sekulako kolpea izan da Lasartekoendako. Falta gogorrak ikusten jarraitu dugu Estalan. Hala ere etxekoen hirugarrena iritsi da. Asier Longerasek egin du txilenaz 85. minutuan, eta ia ustekabean.
Antzuolakoen helburua, aurten, mailari eustea da. Ondo ari dira oraingoz jokatutako partidu guztietan puntuatu baitute. Datorren astean ere etxean jokatuko dute. Aurrera taldea izango dute arerio.

Hondarribia nagusi Ibarran

Galdu egin du gaur UDAk, baina Alberto Albistegi entrenatzailea gustura agertu da taldeak egindako lanarekin. Argi dauka Hondarribikoen golak akats indibidualen ondorio izan direla. "Ondo jokatu dugu eta aukera mordoa sortu ditugu. Pozik nago mutilek egindako lanarekin", esan du Albistegik.

Errenta txikia defendatzeko gauza, Mondra

Balio handiko gola egin du Igor Eskibelek Mojategin, Lazkaori irabazteko balio izan duen gola (1-0). Lehenengo zatian txukun ibili dira Urzelairen mutilak, baina bigarrenean fisikoki behera egin dute, eta markagailuko aldea defendatzera mugatu dira. Lortu zuten, eta ez da gutxi.

Bergararen berdinketa Gal-en

Galtzeko ala irabazteko gutxi behar izan zuen Bergarak zapatuan, eta balantza erdian geratu zen, ez batera ez bestera (2-2). Partiduan 0-2 aurreratu baziren ere, Aitor Arrate Bergarako entrenatzaileak onartu zigun kontrarioak partidua irabazteko aukerak ere izan zituela, eta Galen lortutako puntua ontzat hartzen zuela.

"Sentsazio onaz gatoz bueltan, partidu txukuna egin dugulakoan. Joko mailan puntu bat aurrera egin dugula esango nuke, baina bigarren zatian edozer gerta zitekeen. Berdinketa ona izan da, kanpoan izan dela kontutan hartuta", adierazi digu entrenatzaile bizkaitarrak. Hala, Eneko Ibarluzea izan zen mahoneroen golegilea. Berdinketa horrekin, Bergarak bost puntu batu ditu, eta sailkapenaren 11. postuan dago.

Aloñak Touringi irabazi

Aloña Mendik, ostera, taldearen aurpegi ona erakutsi zuen Fanderian, Touringen kontra: "Aurten etxetik kanpoko garaipenak oso garesti egon behar dira, eta hiru puntu garrantzitsu lortu ditugu", adierazi digu Andoni Azkargortak. 

Oñatikoek lehenengo zati txukuna egin zuten –Haimar Lizarralde izan zen golegilea– eta bigarren zatiko hasierako zatian jokoa horren ona izan ez bazen ere, azken 20 minutuetan itxura polita erakutsi zuen ostera taldeak. Aloña Mendik seigarren posturaino egin du salto.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak