Txolarteko erabiltzaileek eta begiraleek aisialdia elkarrekin igarotzen dute

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 7a, 11:30

Atzegiren programa da Txolarte eta Arrasaten eta Bergaran ere elkartzen dira zapatu arratsaldeak elkarrekin igarotzeko. 30 erabiltzaile, bospasei begirale eta giro ezin hobea.

Atzegi elkarteak programa ezberdinak garatzen ditu, eta horietariko bat, adimen urritasuna duten pertsonentzako Txolarte izeneko aisialdi taldeena da.

Arrasaten ere burutzen dituzte ekintzak Txolarteren baitan; Bergararekin txandakatzen joaten dira, modu horretan, zapatu bakoitzean herri batetan elkartuz, ekintzen arabera. Bospasei begiraleren gidaritzapean –gehienak gazteak eta emakumezkoak– Atzegiko 30 erabiltzaile inguru dabiltza bi herriotan Txolarten, Leire Poyato begiraleak aditzera eman duenez. "Zapatutan elkartzen gara, 16:00etatik 19:00ak arte".

Begiraleak behar dituzte

Oso gustura aritzen dira bai erabiltzaileak eta baita begiraleak ere. "Kanpoko ekintzak egiten ditugu batez ere, normaltasuna bultzatu gura dugu eta. Esate baterako, poteoan irteten gara. Baina gainera, Atzegikoek badute lokaltxo bat, eta bertan sukaldaritza tailerra egiten dugu, edo zorionetako askariak, dantzak...".

Egun dauden begiraleez gain, taldera beste batzuk gehitzea gurako lukete. "Lanean erosoago aritzeko kopuruak handiagoa izan beharko luke". Eta horretarako, begirale izan gura dutenek ateak irekita dituztela gaineratu du Poyatok. "Ez da titulu berezirik behar, orain gauden begiraleok gure esperientziaren bitartez ikastaro txiki bat emango genioke interesa duenari".

Funtsezkoa den gauza bakarra gogoa edukitzea dela gaineratu du. "Azken finean, oso garrantzitsua da beraien ongizatearentzako aisiaz gozatzeko aukera edukitzea. Eta bene-benetan, beraiek horren ondo eta horren pozik ikusteak guztiz betetzen gaitu eta hori da garrantzitsuena".

Hala, boluntario moduan begirale gisa aritu gura duenak txolartebergara@atzegi.org helbidera idatzi edo 680 53 80 62 telefonora deitu dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak