Garaipena, komeni dena baino emozio handiagoz

Xabier Urtzelai 2013ko urr. 6a, 20:09

Emozioa bai, baina neurrian. Eta, kontrarioak horretara behartzen zaituenean, hau da, indarrak parean daudenean. Baina, gaur Iturripen ikusi zenagatik –tarteka izan bazen ere– Ford Mugarri Zaragoza baino gehiago zen, eta hala ere, kanpotarrak azken unera arte egon ziren kantxan bizirik.  

KIROL ALBISTEAK:

Norbaitek pentsatuko du Maritxu Kajoiko ajeagatik izango zela, baina ez, joan den astean ere gauza bera gertatu zitzaien Elgoibarren, baina orduan larriagoa izan zen, Arrasatekoak atzo irabazteko gauza izan zirelako. 

Kategoria berrian dago Ford Mugarri Arrasate, eta hiru partidutatik bi irabazi dituzte; bistan da ez dutela kritika gogorrik merezi, ezta gutxiago ere. Hori bai, liga hasiberri honetan, badute non hobetu, lehenengo zatian alde ederraz irabazten hasi ostean (11-5, 15. minutuan) atsedena iritsi aurretik etxekoek arnasa eman ziotelako kontrarioari (17-15 atsedenaldian). 

Zaragozakoak partiduari buelta emateko kapaz zirela pentsatuta joan ziren aldagelara, baina Arrasatekoek ez zuten halakorik onartuko: "Horretaz egin dugu berba atsedenaldian, ezin zela joan den astekoa errepikatu", zioen Andoni Bernalek.

Lortu zuten helburua, Zaragoza ez zen partidua inongo momentuan berdintzera iritsi, baina oso gertu izan zuten helburua (27-26, 18. minutuan). Momentu erabakigarri horietan, baina, Arrasatekoak errenta txiki hori defendatzeko gauza izan ziren: Bernalek jaurtiketa zuzen bidez egindako golaz, Vallek gelditu ederra eginda, Ikerrek gola eginda jokaldiz... Modu batera edo bestera azken minutuetan Gartziaren mutilek tinko eutsi zioten aldeari, eta horri esker azken 2-3 minutuak nahiko lasaiak izan ziren. 

Santoñan, kantxa gogorra 

Datorren astean Arrasateko taldekoek Kantabriara egingo dute bidaia: "Partidu gogorra izango da, gainera, iazko igoera fasea euren kantxan irabazi genuen, eta gure kontra jokatzeko gogoz izango dira". Kantxa gogor horretan, baina, taldea babestuago egoteko klubak autobusa jarriko du, prezio bereziaz. Joan gura duenak Angel Moralejari eman behar dio izena, ahalik eta lasterren (606 06 50 12).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak