Iñigo Arregi: "Bilbokoa izugarria izan zen"

Irati Goitia 2013ko urr. 6a, 19:13

Milaka lagun batu ziren Bilbon zapatuan, Herriraren aurkako polizia operazioa salatzeko. Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde lelopean egin zuten manifestazioa. Gure bailaratik ere jende asko joan zen.

Autobusak antolatu zituzten bailrako ia herri guztietatik Bilbora joateko. Adibidez, Bergaratik bi autobus irten ziren (110 lagun). Arrasatetik 120 lagun joan ziren autobusez, baina autoetan ere jende asko joan zela esan digute. "Arrasaten, bixamona eguna izanda, espero genuena baino jende gehiago animatu da", adierazi digu Eneko Barberenak. Antzuolatik, bestalde, bi pisuko autobusean joan ziren 95 pertsona; autoan ere abiatu ziren beste batzuk. Oñatin ez zen autobusik izan, baina Bilbon osatu zuten itsasoaren zati bat irudikatu nahi izan zuten eta tantez betetako argazkia atera zuten.

Jendetza batu zen Bilbon

"Gu Casillatik irten gabe geundenean, Twitter bidez jakin genuen manifestazioaren hasiera Abandoko geltokian zihoala. Beraz, Autonomia kalea alde batetik beste beteta zihoan. Izugarria izan zen", adierazi digu Bergarako Herrirako kide den Iñigo Arregik. Eneko Barberenak metroa hartu zuen Casillara iristeko eta honakoa kontatu digu: "Indautxuko metroko geltokian bi irteera daude eta Casillatik gertuen dagoena blokeatuta zegoen. Metroko langileek beste irteera erabiltzeko eskatu ziguten". Antzuolatik Bilbora joan zen Jon Lizarazuk esan digu beraiek udaletxera iritsi zirenerako ekitaldia amaituta zegoela eta ezin izan zutela ezer ikusi.

Eragile ezberdinak

50 alderdi, sindikatu eta gizarte eragile baino gehiagok babestu zuten zapatuko manifestazioa. Hain zuzen, Arregik esan digu esparru ezberdinetako jendea ikusten zela manifestazioan eta gaineratu: "hori seinale ona dela esango nuke, herritarren gehiengo handi bat azaldu da operazio polizial honen aurka". Barberena ere bat dator eta zehaztu digu agerraldi anitza izan zela. Horretaz gain, kontraesankorra izan arren, jendea aldi berean pozik eta haserre zegoela gehitu du. Amorruz gertatukoaz, baina indartsu berriro gerta ez dadin lanean jarraitzeko. Hain zuzen, protesta amaierako ekitaldian, haserrealdiak emandako indarra emankorra izango dela adierazi zuten antolakuntzatik.

Urrats berriak

Etorkizunerako asmoak ere iragarri zituzten: "aurreratzen dizuegu urrats berriak prestatu, aurkeztu eta abiatuko ditugula hurrengo asteetan".

Plazara ekimena

Egubakoitzean, atxiloketak salatzeko Plazara ekitaldia egin zuten Bergaran. "300 lagun inguru batu ginen. Herrira denok garela irudikatu nahi izan genuen puzzle baten bidez". Ikasle abertzaleek antolatuta bazkaria ere egin zuten egun berean, dozena bat lagun batu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak