Hamalaugarrenez, organo erromantikoa protagonista

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urr. 5a, 13:01

Gaur, zapatua, hasiko da Organo Erromantikoaren nazioarteko XIV. zikloa. Datozen hiru aste bukaeretan, Bergaran, Azkoitian eta Azpeitiko Loiolan, organoa oinarri dituen askotariko emanaldiak izango dira.

Esteban Elizondo zikloko koordinatzaileak astean Bergaran egindako aurkezpenean azaldu zuenez, krisi ekonomikoaren eraginez, murrizketak izan dira aurtengo edizioaren aurrekontuan; hori horrela, musikarien kalitatea bermatze aldera, hiru kontzertu antolatu dituzte herri bakoitzean, aurrekoetan lau izan badira ere.

Hiru herriren elkarlana

Orain 14 urte sortu zen zikloa, organo erromantikoa duten hiru herrien arteko lankidetzan. Hasieratik izan du Esteban Elizondok egitaraua osatzeko ardura. Hiruetan egitura berbera jarraituko dute: kontzertuetako bat organoa abesbatzarekin izango da, bigarrena organo bakarlariarena eta hirugarrena, berriz, nazioarteko organo jolearena, Elizondoren esanetan, zikloari nazioarteko izaera emanez horrela.

Urteetan San Pedro parrokia izan du zikloak Bergarako areto, baina orain hiru urte Santa Marinara lekualdatu zuten San Pedro eliza eta hango organo erromantikoaren zaharberritze lanak zirela-eta. Ekainaren 29an zabaldu zituzten berriz ere eraberritutako elizaren ateak, hala ere, ez dute aurtengo organo zikloa han egingo izan ere, San Pedro elizako teknikariaren esanetan, kontzerturen batean organoa soinurik gabe geratzeko arriskua dago; horregatik, bada, aurten ere Santa Marina parrokian egitea erabaki dute, hango organoa erromantikoa ez bada ere.

Etxeko izaera duelako, azkenekoa izango da gurean, bereziena. Horrez gainera, Errumaniako Felician Rosco organo jolearen eta ikerlariaren, eta Gerardo Rifón, Donostiako San Ignazio elizako organistaren abileziarekin ere gozatzeko aukera izango dugu.

Bergarako egitaraua

Santa Marina parrokian izango dira emanaldi guztiak,  20:00etan. Kontzertu guztiak dohainik dira.

  • URRIAK 5, zapatua: Organoa: Felician Rosca.
  • URRIAK 12, zapatua: Organoa: Gerardo Rifón. Abesbatzak: Landarbaso eta Loinatz.
  • URRIAK 19, zapatua:Organoa: Aitor Olea. Abesbatza: Bergarako Airean Ahots taldea. (Zuzendaria, Marije Ugalde)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak