Gaur helduko da bailarako zinemetara 'Amaren eskuak' filma

Iure Eizagirre 2013ko urr. 5a, 14:00

Gaur Arrasaten emango dute Mireia Gabilondo zuzendari bergararraren Amaren eskuak filma. Amaia antzokian eskainiko dute lana gaur eta astelehenean. Datorren astean, berriz, Oñatin emango dute, urriaren 11tik 14ra.

Zinemaldiko ibilbidearen ostean, joan den asteburuan estreinatu zen Euskal Herriko hainbat zinema aretotan Mireia Gabilondo zuzendari bergararraren Amaren eskuak filma.

Asteburu honetan Arrasaten ikusteko aukera izango da, gaur 19:30ean eta astelehenean, berriz, 20:30ean. Bi emanaldiak Amaia antzokian izango dira.

Gabilondok adierazi duenez, zinema aretoetara jende asko hurbiltzea gustatuko litzaioke, baina irudipena du Zinemaldia bezalako jaialdietara jende ugari hurbildu arren, jada ez dagoela zinemara joateko ohiturarik. Euskal zinemaren kasua azpimarratu du gainera: "Hemen batez ere izugarrizko pena da hori, bertan egiten diren filmek ibilbide txikia dutelako eta jendea ez badoa lehenbailehen nahi duen hori ikustera, agian horretarako aukera galtzen duelako".

Ikus-entzuleak zinemara erakartzeko berak zuzendutako filmaz hitz egin du: "Ez da negar zotinka egoteko lan bat baina emozioa ukitzen du, sentimenduak hor daude eta oso gertuko istorioa da. Asko nolabait identifikatuta sentituko dira".

Amaren eskuak filmak Nerea eta bere ama Luisaren istorioa kontatzen du. Luisak alzheimerra du eta ospitaleratu egin dute memoria galdu duelako. Nerea errudun sentitzen da gaixotasunaren hasieran ez erreakzionatzeagatik. Luisak ez du Nerea ezagutzen eta alabak ez du ulertzen amak zergatik egiten dizkion zenbait eskari, itsasargira eramatea, adibidez.

Gabilondok adierazi duenez, alzheimerraz hitz egiten du lanak baina horren gainetik, pertsonen arteko harremanak dira garrantzitsuak: "Ama eta alabaren arteko harremana, esan ez diren hainbeste gauza, esaten direnak... Askotan ematen du mota honetako filmak penagarria izan behar duela baina esango nuke hau positiboa dela".

Saririk ez, baina gustura

Zinemaldian harrera beroa izan du Amaren eskuak filmak nahiz eta ez duen saririk irabazi. Horregatik, gustura dago Gabilondo, nahiz eta aitortzen duen saria ez jasotzeak beti ematen duela pena apur bat.

Eta Donostiako Zinemaldia bukatu aurretik, filmaren promozio lanak egiten aritu da Gabilondo: joan den egubakoitzean-zapatuan amaitzen zen zinema jaialdia- Bartzelonara bidaiatu zuen, Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatzearekin batera ematen zutelako lehen aldiz lana bai Bartzelonan bai Madrilen. Katalunian jasotako erantzunarekin ere oso gustura dago filmeko zuzendaria, bereziki deigarri egiten zaio-eta aurkezpenera hurbildutako jende kopurua kontuan izanda oraindik ere filma jatorrizko bertsioan bakarrik dagoela. Hau da, filmaren zatirik handiena euskaraz bakarrik ikus daiteke eta zati batzuk bakarrik ditu gaztelaniaz.

Datorren asteburuan Oñatin

Oñatiarrek ere ez dute asko itxaron beharko Mireia Gabilondoren azken lana ezagutzeko, datorren astean emango dute-eta herriko zinema aretoan. Lau egunetan proiektatuko dute: urriaren 11tik 14ra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak