Gaur Bergaran egongo da ikusgai "Hiru" antzezlana

Miren Gojenola, Loli Astoreka, Ana Elordui eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista dituen Hiru antzezlana eskainiko dute gaur, 22:00etan, Bergarako Zabalotegi aretoan. Sarrera 8 euro kostako da. Bailaran egingo duen lehen geldialdia izango da gaurkoa, datorren eguenean Aretxabaletan izango da-eta.

Ama izateko ametsa betetzeke duten Txaroren, Mertxeren eta Angelaren istorioa kontatzen du antzezlanak. Hirurek batera ikasi zuten ursulinetan eta garai hartan beti batera ibiltzen ziren. Urteak igaro dira, ordea, eta azken hiru hamarkadetan bakoitzak bere bizimodua egin du, elkar ikusi gabe. 50 urte betetzear daudela, berriro batu dira, eta, zituzten ametsetako asko bete badituzte ere, handienetako bat betetzeko dute oraindik: ama izatea. Horretarako dituzten aukerak elkarrekin aztertu eta lagun diezaiekeen gizona topatuko dute: Joxerramon mutil gaztea.

Hainbat egoera komiko sortuko dira lau pertsonaien artean, baina barreak eragingo dituzten bizipen horien atzean egongo da gogoetarako lekurik ere: amatasunaz eta laguntasunaz hitz egiteaz gain, familia benetan zer den aztertzen eta zalantzan jartzen du obrak. Izan ere, ohiko egiturako familia estereotipatuek ez ezik, proiektu komunak banatzen dituzten pertsonek ere familia bat osa dezaketela defendatzen du Hiru antzezlanak.

Ibilbide luzeko aktoreak

Telebistan nahiz antzerkian esperientzia handia eta ibilbide luzea duten aktoreak aukeratu dituzte Txaroren, Mertxeren eta Angelaren paperak interpretatzeko.

Loli Astoreka aktore zornotzarrak egiten du Txaroren papera eta bere pertsonaia indar handiko emakumea, ausarta, dela dio berak. Profesionalki ondo doakio, baina bakarrik sentitzen da, eta, txikitako lagunen deia jasotzean, topaketa bere etxean egitea eskatzen du.

Miren Gojenola gernikarra Mertxe da, abokatua. 50 urte betetzera doa eta bizitza orekatua du, baina lagunekin elkartzearekin batera amaitzen da oreka hori eta lagunen desioarekin bat egiten du.

Angelaren papera Ana Elordi ondarrutarrak egiten du eta aitortzen du bere pertsonaiari bizitzeko ilusioa pizten zaiola lagunekin batzean.

Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarra da antzezlan horretako aurpegi ezezagunena, hura du-eta lehen antzezlana. Urteetan futbolean ibili ostean, musikan hasi zen eta orain aktore lanetan estreinatu da Txaloren eskutik.
Hiru beste herrialde batzuetan arrakastaz estreinatu da, hala nola Espainian, Txilen, Puerto Ricon, Costa Rican eta Estatu Batuetan. Gurera Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean heldu da. Jatorrian Juan Carlos Rubiok idatzitako lana da eta Martin Agirrek euskaratu du.

Eguenean Aretxabaletan

Abuztuan estreinatu zuten Donostian Hiru antzezlana eta orduz geroztik han-hemen taularatzen dabiltza. Gaur Bergaran izango da eta datorren eguenean, urriak 10, Aretxabaletako Zaraia aretoan ikusi ahal izango da, 19:30etik aurrera. Sarrera lau euro kostako da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.