Enpresendako finantzazio-lerro berriak hitzartu dituzte Laboral Kutxak eta Oinarrik

Leire Kortabarria 2013ko urriaren 4a

Laboral Kutxak eta Oinarri SGRk enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko hitzarmena egin dute. Hitzarmen horren aterkipean egiten diren kanpo-merkataritzako lerroetan eta zirkulatzailean, emandakoaren % 50 abalatuko du Oinarrik.

Laboral Kutxaren esanetan, hitzarmenari esker "enpresei likidezia emango zaie, nazioko nahiz, batez ere, nazioarteko salmenten kobrantza aurreratzeko moduan".

Hitzarmenaren babespean, zirkulatzaile-lerro berriak eskaintzeaz gain, orain artekoak berritu ere egingo dira. Gehienez 1.200.000 euro onartuko dira bezero bakoitzeko eta urtebete eta hiru urte bitarteko epean.

Hitzarmenaren baldintzak eskuratu nahi dituzten enpresek egunean egon beharko dute gizarte-segurantzarekin eta zerga-betebeharrekin, eta ezin izango dira egon porrotean edo etengabe dirua galtzen.

19,5 milioi banatu ditu

Oraingo astean sinatu duten hitzarmenarekin, joan den apirilean Eusko Jaurlaritzarekin sinatu zuena osatzen da. Laboral Kutxak Eusko Jaurlaritzarekin sinatu zuen hitzarmena betetzeko egin duen lana azpimarratu du: orain arte, 137 enpresari aitortu zaie finantzaketa-eskaria, eta guztira 19,5 milioi euro banatu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak