Xabier Zubizarreta: "Ekaini ez diot ezer esan. Demaseko besarkada eman diot"

Ubane Madera 2013ko urr. 3a, 17:55

Pozik eta hunkituta. Halaxe dago une honetan Xabier Zubizarreta Madrilen, semea Ekain askatu ostean. "Esateko gutxi dago: poza". Horiexek bere berbak. Bihar Maritxu Kajoi egunean zerbait egingo dutela ere aurreratu du, barrez. Baina baita ere, salatu gura izan du asteon gertatutakoa "atropello totala" izan dela. Eta zentzu horretan, datozen egunotarako deitutako mobilizazioek zentzu guztia izaten segitzen dutela adierazi du. 

Kalean daude, ezta?
Bai, bai bai. Berarekin egon gara eta kalean daude gehienak, lau kenduta. Lauri fidantza jarri diete, baina haiek ere kalera.

Pozik? Ezusteko handia, ala?
Dudarik ez dago. Ezuste handia izan da, abokatuengandik hasita, eta denok ere demaseko sorpresa hartu dugu, zaila zelako hau gertatzea. Baina bereziki, poza sentitzen dugu. 18 pertsona askatasunean geratzea hau bezalako bahiketa baten ondoren benetan da pozgarria.

Noiz etorriko zarete?
Berandu, horra iritsi orduko…

Baina gaur bai?
Bai, gaur bai.

Kontuan hartuta bihar Maritxu dela, zerbait berezia egin beharko duzue, ala?
Zerbait egin beharko dugu, bai (barre).

Hala ere, orain zer? Herrira zer egoeratan geratzen da?
Hori ez dakigu. Datozen egunotan ikusi beharko dute, abokatuek hitz egin beharko dute honek zer ondorio duen. Izan ere, 18 pertsonen kontra egin dituzten salaketak egin eta kalera ateratzen badira, esan nahi du hor zerbaitek huts egiten duela eta zuzendu beharra izango duela. Baina hori da estatu espainolak orain arte erakutsi duen logika, eta ikusi egin beharko dugu. Abokatuak ahaleginduko dira ahal denik eta gehien errekuperatzen. Ze Herrira oraingoz dago aktibitate guztiak paralizatuak, kontuak blokeatuak, egoitzak itxita… eta guzti hori bere onera eramatea kosta egingo da… ikusiko dugu.

Biharko eta etzirako deituta dauden mobilizazioak beharrezkoak dira orain?
Bai. Egin dutena atropello izugarria da. Eta estatu espainol honetan badirudi ohiko bihurtu dela eta inork ez duela ordaintzen halako disparate bat egitea. Baina gutxienez, gizarteak exijitu behar du errespetua eta begirunea. Nik uste dut zentzu berbera dutela orain arteko deiak mantentzeak.

Irakurketak jarraitzen du izaten “eraso hau Euskal Herriaren kontrakoa” izan dela?
Bai, dudarik ez dago. Egin dutena zentzugabekeria totala da, juridikoki. Ze delitu dute? Zer egin dute? Egiten dieten akusazioa da lainoa bezalako gauza bat. Inolako formarik gabe, inolako daturik gabe, ezer aportatu gabe… Hori da atropello totala. Beraz, uste dut astebukaerako mobilizazioek dutela zentzu guztia.

Zer esan dizou Ekaini?
Ez diot esan ezer. Demaseko besarkada eman diot, gero hasi dira denak besarkatzen bera… pozik.

Berak zer esan dizu zuri?
(Barreak) Aitaaaaaaaa (barreak). Ez dago berbarik. Halako momentutan keinuek askoz gehiago esaten dute esan daitekeenak baino. Esateko gutxi dago: poza.

Besterik gura baduzu gaineratu…
Eskerrik asko elkartasunarengatik eta egin duzutenarengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak