Anje Duhalde: "Errepikatzearen beldurra dut, asko arduratzen nau"

Txomin Madina Milikua 2013ko urr. 3a, 02:00

Bere garaian Errobi eta Akelarrerekin eta egun bakarka, nork ez du Arrangoitzekoa entzun? Iaz ateratako'Ibilean' zuzeneko diskoa du azkena; oraindik ibili badabilenaren aldarrikapena.

1. Bozkatzeko adina izan aurretik hasi zinen musikan. Denerako beti hain azkarra?

Horrelakoak ez dira aukeratzen; afizioa txikitatik sortu zitzaidan. Nire nerabe garaia, 60ko hamarkada, bazen gauzak egitekoa: irekiera izugarria, rock-and-rollaren sorrera... Ez da azkartasun kontua, egoera zen horrelakoa. 

2. Orduan pentsatzen al zenuen egun ere musikan ibiliko zinenik?

Ez, naturaltasunez gertatu da. Neure buruari ez diot horrelakorik gehiegi galdetzen: gauzak naturalki etorri direnez, naturalki doaz. Baina nire aitak ere 40 urte eman zituen lanean, eta ez dute horregatik aipatzen. 

3. Egungo gazte batek zure abestiak dakizkiela ikustean, zer?

Poz izugarria, baina baita harridura apur bat ere; ez diot logika zehatzik aurkitzen. Baina askoz hobe horrela izatea!

4. 2006az geroztik ez duzu estudioko diskorik atera.

Formatua apur bat pasatuta dago, ez da diskorik saltzen: norbaitek abesti bat gura badu, klik batera du. Presarik ere ez dut, uste dut nire kopurua bete dudala! Inspirazio falta? Batez ere errepikatzearen beldurra; asko arduratzen nau.

5. Zein izan da zuk erosi duzun azken diskoa?

Guraso magrebtarrak dituen Stromae belgikarrarena: fusio oso polita egiten du, interesgarria.

6. Eta euskal musikan egin duzun azken aurkikuntza?

Jon Basagurenen Izaki Gardenak taldea. Emanaldi bat izan nuen berarekin eta sorpresa handia izan da niretzat: gaztea izan arren, sekulako segurtasuna du agertoki gainean.

7. Nola deskribatuko zenuke Iparraldeko egungo musika?

Hegoaldekoa bezala, lainopean. Lehen gertatzen zenaren kontra, Iparraldea gero eta gehiago dago Hegoaldera begira. Badira gauza oso interesgarriak: Willis Drumond, Maialen Errotabere... Mugimendua bada, baina ez laguntzarik.

8. Iparraldea eta Hegoaldea, duela hogei urte baino gertuago edo urrunago daude?

Gertuago; politikoki ez, baina kulturalki bai. Iparraldekoentzat,  lehen, espainolak afrikarrak bezala ziren... Baina hori leundu, bukatu da: gero eta gehiago doaz Hegoaldera ikastera, lanera... 

9. Musikari baten egunerokoan bada errutinarik?

Begi ezberdinekin ikus dezakezu: musikariarentzat, kontzertuak ematea, beti berdina jotzea, errutina bihur daiteke. Bizia musikaren inguruan egin dut azken 40 urteetan eta ez naiz aspertu.

10. Iraganari begira edo geroari so, zertan ikusiko zaitugu gehiago?

Geroari so eta iraganari begira. Iraganaren zama bizkarrean duzu, baina beti egin behar da aurrera.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Nire bizkarretik urte batzuk kendu, hasteko! [barreak]. Ez dut magian sinesten, egin behar dena da lana; gure helburuetara heltzeko inork ere ez digu ezer emango, geuk lortu behar dugu. Katalunian, Eskozian edo Flandesen gertatzen ari denarekin kurioso nago, eta guk ere gure lekuan egin behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak