Hitzarmenaren bidez, 180 milioi inbertituko dituzte bost urteotan lau erakundeok. Eusko Jaurlaritzak 126 kudeatuko ditu; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 60; Bizkaiak, 90; eta Arabak, 30.
Lehendakariak esan du erakunde sinatzaileak bat datozela diagnostikoarekin; defizit helburua malgutzeko eta baliabide osagarriak lana sortzera bideratzeko beharrarekin, alegia. Ekonomia suspertzea eta lanpostuak sortzea dira lehentasunak, lehendakariak esan duenez.
Erakunde arteko hitzarmenean jasotzen denez, 6 milioi bideratuko ditu Aldundiak udalen inbertsioak bultzatzeko; 3,3 milioi, mugikortasunerako eta bide-azpiegituretarako; eta 3,1, tokian tokiko enplegua sortzeko. Bestalde, Jaurlaritzak 13 milioi inbertituko ditu Gipuzkoan alokairuko etxebizitzak sustatzeko; 8,6, trenbide-azpiegituretan; 6, Euskotrenen material mugikorra berritzeko; eta 4,2, teknologian.
Beste 18 milioi Gipuzkoarendako
Lehendakariak eta ahaldun nagusi bakoitzak bere adierazpenak egin zituzten sinadura eta gero. Tarte horretan, Garitanok esan zuen defizita Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien artean banatzeko erabakia atzo hartu zuela Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, eta Aldundiak, bere aurrekontuen barruan, 18 milioi gehiago kudeatuko dituela. Defizita malgutu delako sortu da aurtengo aurrekontuetan diru gehiago gastatzeko aukera.
Bada, Garitanok esan zuenez, enplegua eta ekonomia sustatzeko inbertituko da Gipuzkoari dagokion dirua: "Ekonomia suspertzeko erabiliko dugu diru hori, produkzio ehuna indartzeko erabiliko dugu eta Gipuzkoa osoan enplegua sustatzeko balioko du", adierazi zuen ahaldun nagusiak. Gaineratu zuenez, egin beharreko proiektuak "ahalik eta herri gehienen artean" banatuko dituzte, eta ez dute inbertituko "azpiegitura handietan", baizik eta "hainbat gizarte eta kultura ekipamendu hobetzeko" eta "errepide, bidegorri eta ingurumen jarduketetan".
Hain zuzen, Foru Aldundiak esan duenez, honela banatuko ditu 18 milioiak:
- Tokiko enplegua sustatzeko programan, 3.150.000 euro
- Udal inbertsioak sustatzeko programan, 6.000.000 euro
- Euriteek kaltetutako udalerrientzako laguntzan, 850.000 euro
- Mugikortasuna eta bide azpiegituretan, 3.300.000 euro
- Kultura ekipamenduetarako inbertsioetan, 1.500.000 euro
- Gizarte ekipamenduetarako inbertsioetan, 1.500.000 euro
- Berrikuntzarako eta ekonomiaren garapenerako bestelako jardueratan, 1.700.000 euro