Gernu eta odol analisiak euskaraz jasotzeko eskatu diote Osakidetzako hainbat langilek zuzendaritzari

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko ira. 30a, 21:35

"Eskatu duguna izan da gernu eta odol analisien emaitzak euskaraz jasotzea. Orain arte gaztelera hutsean datoz proba osagarri guztien txostenak, baita gernu eta odol analisien emaitzak ere, eta eskatu dugu horiek euskaraz jasotzea", esan digu Aitor Montes Aramaioko medikuak. Helburua da etorkizun batean paziente bakoitzaren historia klinikoa euskaraz edukitzea.

Gaur, astelehena, egin dute eskaera hori hainbat osasun langilek. Arrasaten 2-4 medikuk egin dute eskaera, Bilbon erizain batek, Galdakaoko Ospitalean bi medikuk, Durangon beste pare batek eta Gipuzkoako Erakunde Sanitario Integratuan beste bi medikuk gutxienez egin dute eskaera, Montes medikuaren arabera.

Eskaera hori egin dutenen artean dago Aramaioko medikua eta azaldu du "aurrerapausu txikia baina garrantzitsua dela". Izan eren, bere hitzetan "odoleko analisien emaitzak euskaraz jasotzeak ez du bermatzen osasun arreta euskaraz, baina aurrerapausu itzela da euskara ahozkotasunetik idatzizkora pasako litzatekeelako". Gerora, pausu gehiago etorri beharko liratekeela gaineratu du Montesek baina dio pausu hori ematea "oinarrizkoa, ezinbestekoa eta erraza" dela.

Helburua da paziente bakoitzaren historia klinikoa euskaraz edukitzea.

Hauxe da, hitzez hitz zuzendaritzan aurkeztu duten eskaera:

"Zuzendaritzako jaun-andreak:

2003ko martxoaren 18an Eusko jaurlaritzak 67/2003 dekretua ebatzi zuen, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko asmoz, eta euskara zerbitzu-hizkuntza bultzatzeko xedearekin. Dekretuaren 11. artikuluan, 3. puntuan hain  zuzen, idatzizko jarraibideak zehazten ditu: “Elebidunak izango dira dokumentu  estandarizatuak eta orokortasunez zabaldu edo administratuen talde bati zuzentzen zaizkionak.” Aurrerago, hauxe dio: “Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak idatzizko harreman elebidunak izango ditu herritarrekin, salbu eta herritarrek prozedura indibidualizatuetan hizkuntza ofizialetik bakar bat aukeratzen dutenean.”

Gaur egun, zoritxarrez, legea ez da osotasunean betetzen, eta erabiltzaileen proba osagarrien txostenak gaztelera hutsean daude. Pazientearekiko komunikazioa eta enpatia jarduera sanitarioaren arrakastarako giltzarria da, eta hortaz, euskarazko osasun arreta eskaintzea ezinbestekoa da zerbitzuaren kalitatea bermatzeko.

Hau guztia kontuan hartuta, alde batetik erabiltzaileen eta osasun langileon hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta bestetik zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, aurrerantzean eskatutako odoleko eta gernuko analisien emaitzak euskaraz jasotzea eskatzen dizuet.

Nire eskaria kontuan hartuko duzuelakoan, adeitasunez"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak