Libreko kideek adierazi zuten "Espainiar estatuaren ofentsiba errepresiboak" ez duela etenik, eta horren adibide berrienak direla urrian hasiko diren bi makroepaiketak. "Euskal herritarrok behin eta berriz bakearen aldeko apustua berretsi eta gatazkaren konponbiderako nahia erakutsi arren, estatuak berriro ere errepresioaren aldeko apustua egin du, bake prozesuari beste behin bizkarra emanez", zioten.
40 gazteen kontrako epaiketari buruz, zera: "Gazte mugimenduko hainbat kide espetxeratuak izateko arriskuan daude beraien militantzia politikoagatik. Berriro ere, euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso bortitz bat ikusiko dugu Euskal Herrian, edozein prozesu politikotan subjektu aktibo izan beharko litzatekeen gizarteko sektore honen baitan beldurra zabaltzeko helburuarekin".
Bestalde, urriaren 17an Herriko tabernen auzia hasiko dira epaitzen. Prozesatuen artean 110 Herriko taberna eta elkarte eta Batasuneko 37 militante daude, eta elkarte guztietako lehendakariek ere deklaratzera joan beharko dute. "Nahiz eta batutako frogetan ETA-KAS-EKINi egindako ordainketa bakar bat ere ez den ageri, akusazioak aurrera jarraitzen du, eta herriko taberna horiek guztiak enbargatuak izateko arriskua dago. Gure kasuan, Arrano taberna 2002. urtetik dago enbargatuta Garzonen aginduz, bere ondasun guztiak barne. Epaiaren arabera, enbargu hori behin betirako izateko arriskua dago, horrek ekarriko duen guztiarekin", adierazi zuten Librekoek, ondorengoa gehituz:
"Makroepaiketa hauek argi erakusten dute oraindik ere normalizazio politikotik oso urrun gaudela. Oraindik ere, beraien lan politikoagatik kriminalizatuak eta epaituak diren pertsona askoren kasuak ikusi ditzakegu, eta esan beharra dago oraindik ere asko direla epaiketaren zain daudenak. Guzti honen aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da herri erantzun sendo bat ematea. Iraganean blokeaturik jarraitu nahi duten horiei nahikoa dela esan behar diegu, herri honek bakea behar duela eta horren alde konpromisoak hartzeko prest gaudela".
Herriko mobilizazioez gain, urriaren 26an Bilbon egingo den manifestazio nazionala ere iragarri zuten, eta bertan parte hartzera animatu zituzten herritarrak: "Horrelako bidegabekerien aurrean, ezinbestekoa da herri gisa erantzun sendo bat ematea eta gure desadostasuna erakustea". Bertara joateko autobusa egongo da herritik.