Dena prest TopaEgunerako

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 27a, 17:37

TopaEguna ospatuko dute euskaltzaleek bihar –zapatua– Soraluzen, eta Euskal Herriko euskaltzale guztiak daude parte hartzera gonbidatuak. Deba bailarako euskara elkarteek Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatu dute TopaEguna. Egun hori euskaltzaleen ekarpenaren eskertze eta aldarrikapena izan dadin nahi dute.

Deba bailarako euskara elkarteek –gure bailarako Jardun, AED, Txatxilipurdi, Ekin eta Loramendik, tartean– Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatu dute TopaEguna, eta Goienaren laguntza ere izan dute.

Egun hori euskaltzaleen jaieguna izatea nahi dutela azpimarratu dute antolatzaileek; euskaltzaleen ekarpenaren eskertze eta aldarrikapena izan dadin nahi dute, baina baita ospakizuna ere: "Euskal Herri osoan zehar elkarteetan antolatuta dauden euskaltzaleen festa eguna, elkar ezagutza eta trukerako eguna izatea nahi dugu", azaldu dute.

Deba bailarako euskaltzaleak aitzindari

TopaEguna ospatzeko Soraluze aukeratu izana ez da kasualitatea izan, Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalen hitzetan. Izan ere, Deba bailarako euskaltzaleak aitzindari izan dira beti euskara elkarteen mugimenduan eta, oraingoan ere, Deba ibaitik egin diote Euskal Herri osoari bertaratzeko gonbitea.

Soraluzeko herritarrek TopaEgunean hartu duten funtzioa ere nabarmendu dute Soraluzeko alkate Hiart Arluziagak eta Goretti Goioganak, Kukumixo aisialdi taldeko kideak: "Soraluzeko herritarrek beti izan dute lotura handia euskaltzaletasunarekin eta auzolanarekin eta, TopaEgunaren bi ardatz nagusiak horiek izango direla kontuan hartuz, herriko hainbat erakunde eta eragilek hartuko dute parte egunaren antolakuntzan (asialdi elkarteak, elkarte gastronomikoek, herriko eskolak, musikariek eta gazte taldeek, besteak beste)".

Adin guztietarako eskaintza

Egitarauak adin guztientzako eskaintza izango duela azaldu du Arrate Gisasolak, Pil-Pilean elkarteko eragileak. Eguneko ekitaldi nagusia 18:00etatik aurrera egingo da, Euskal Herri osoko euskaltzaleen topaguneetako ordezkariek parte-hartzearekin. Horretaz gain, aisialdiko eskaintza (umeen hiria, hezitzaileen jolasak, berbaprobak, Irrien Lagunak…), kultur eskaintza (Xero Xiette taldearen erromeria, Kokein eta Gose taldeen kontzertua, bertsolariak, andrabanda feminista,…) eta herri bazkaria antolatu dituzte. Gainera, Jon Sarasuak irailaren bukaeran argitaratuko duen liburu berriaren aurkezpena egingo du kultur etxean.

Xero Xiette taldeak prestatu du egunerako kantua.

TopaEguneko egitaraua

11:00 Harrera.

12:00 Liburu aurkezpena (hitzaldia): Jon Sarasua.

Goizean zehar:

  • Umeen hiria.
  • Berba probak.
  • Andrabanda feminista.
  • Kantu Jira.
  • Puzgarriak.

14:30 Herri bazkaria.

Bazkalostean:

  • Irrien Lagunak.
  • Kultur Gindak.
  • Hezitzaileen arteko jolasak.
  • Kalejira.

18:00 Ekitaldi nagusia.

19:00 Xero Xiette taldearekin erromeria.

22:30 Kokein + Gose.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak