Sarien seriotasunetik Bajo Ulloaren ganberrokerietara

Sail ofizialeko estreinaldiez gain, berri gehiago izan zen atzo Donostiako Zinemaldian. Hala, Zinema Eraikitzen saria eman zioten Juan Martin Hsu zuzendari argentinarrari, La Salada filmearengatik. Dena dela, arreta handien eman zuena Juanma Bajo Ulloa gasteiztarra izan zen, Rey Gitano filma aurkezteko modu bereziarengatik: Espainiako erregearen moduan jantzitako aktorea ekarri zuen, "Hemen da zuen erregea!" aldarriarekin.

La Salada filmari emandako sariaren berri eman zuten atzo San Telmo Museoan. Zinema Eraikitzen saria filmatutako baina bukatu gabeko proiektuei ematen zaie, eta horren bitartez, zenbait enpresa film hori postproduzitzera eta Espainian banatzera konprometitzen dira. La Salada Argentinan gertatu den immigrazioaren gaineko filma da. Koreatik, Boliviatik eta Taiwanetik etorritako pertsonaiak agertzen dira.

Sarien seriotasunetik guztiz bestaldean agertu zen atzo Donostian Juanma Bajo Ulloa zuzendaria. Maria Cristina hotel inguruan halako jaialdi edo agerraldi bat egin zuen, Rey Gitano filma aurkezteko. Espainiako errege-familiaren gaineko komedia ganberroa da. "Umorea erreibindikatzen dugu, dagoeneko ez digutelako txantxak egiten ere uzten", esan zuen. Filma guztiz modu "libre eta independentean" egin duela esan zuen, Galiziako eta Andaluziako ekoizleek diruz lagunduta, eta Eusko Jaurlaritzak hurrengo proiektuetan lagunduko dion itxaropena azaldu zuen Bajo Ulloak.

Atzoko jaialdian, txantxak eta parodiak etengabe egin zituen Bajo Ulloaren taldeak: besteak beste, Espainiako ereserki berri bat kantatu zuten. "Bada ordua zinegileok barrea eragiten has gaitezen, orain arte hori monarkiak eta politikariek bakarrik egiten dute-eta", esan zuen zuzendariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.