Irabaziak izan zituzten enpresek % 11,8 ordaindu zuten Sozietate Zergarekin

Leire Kortabarria 2013ko ira. 25a, 16:34

Pasa den Sozietate Zergaren kanpainan, irabaziak aitortu dituzten enpresek irabazien % 11,8 ordaindu diote, batez beste, Ogasunari. Aitorpena egin duten enpresa guztietatik (22.247), erdiek baino gehiagok ez dute irabazirik aitortu 2012an. Irabaziak izan dituzten 6.918 sozietateen artean, 1.152 milioi pasatxo aitortu dituzte. Denen artean 135,5 milioi ordaindu dituzte Sozietate Zergarengatik.

Iazko kanpainako datuak eman dituzte gaur Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak eta Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak, eta, gainera, egin berri duten Sozietateen Mozkinen Gaineko Zergaren berri eman zuten. Berau jendaurrean ipiniko dute hemendik egun gutxira. Izan ere, indarrean dagoen Sozietate Zergaren arauak dituen "zirrikitu eta ihesbideak" ditu, eta horiek "itxi" nahi ditu Foru Aldundiak.

Foru arduradunen esanetan, "indarrean dagoen araudia enpresa handien mesederako egituratuta dago, nahiz eta Gipuzkoan enpresa txikiak eta ertainak izan ehun produktiboaren oinarria. Irabazi handienak dituzten 10 sozietateek 213,8 milioi ordaintzen dituzte, irabazien % 6,2. Gerta liteke, eta gertatzen da 40 milioiko irabaziak izan ditzakeen enpresa batek %1 baino gutxiago ordaintzea", esan dute.

Kenkariak aplikatzearen eraginez, ordaindu beharrekoa txikitzen doa, eta "mugarik gabeko kenkarien kasuan, tipo efektiboa hutseraino jaistea eragin dezakete", esan dute foru ordezkariek.

Xabier Olanoren esanetan, “datuek argi eta garbi erakusten duten moduan, gaur egungo araudia enpresa handien mesederako egituratuta dago. Gure ustez, hori arazo larria da Gipuzkoa bezalako herrialde batentzat non ehun produktiboaren oinarrian enpresa txiki edo ertain ugari dagoen eta ez hainbeste enpresa handi. Horrexegatik, zerga honen araudia berritzea ezinbestekoa da, zergaren zama enpresen artean beste modu justuago batean banatzeko, hau da, enpresa txikiei arindu eta handiei gehituz”.

Zenbat eta irabazi gehiago, orduan eta zerga gutxiago

"Datuen arabera, zergaren tipo efektiboa praktikan gutxitu egiten da enpresaren irabaziak handitzen diren neurrian", esan du Foru Aldundiak.

Enpresek ordaindu beharreko kuota efektiboa murrizten duten faktoreak bi dira nagusiki: batetik, kenkariak, mugarekin edo mugarik gabe ken daitezkeenak aitorpena egiterakoan. Kenkari horien ezaugarriak Batzar Nagusiek finkatzen dituzte. Gipuzkoako ponentziaren ondorioak jarraituz, muga duten kenkarien multzoa nabarmen murriztu beharko litzateke. Baina mugarik gabeko kenkariek oraindik eta arrisku gehiago dute, mugarik ez izatean tipo efektiboa hutseraino jaistea eragin dezaketelako. "Zalantzarik gabe, mugatu egin beharko lirateke, irabaziak dituzten enpresek gutxieneko kuota edo tipoa ordaindu dezaten", esan dute arduradunek.

Bestetik, ezarpen bikoitzaren kenkariak ere eragin handia du murrizketan. zaera teknikoa du kenkari horrek, eta irabazi berberengatik bi aldiz ez tributatzea bilatzen du.  

Legea, Batzar Nagusien ponentziarekin bat

Zirrikitu horiek guztiak itxi nahi ditu Gipuzkoako Aldundiak eta Sozietateen Mozkinen gaineko Zerga berria aurki jarriko du jendaurrean, urtea amaitu baino lehen Batzar Nagusiek onar dezaten. Mozkinen Zerga Gipuzkoako Batzar Nagusiek iazko ponentzian landu zituzten ondorioekin bat dator.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak