Azkenean barreen tartea iritsi da

Sail ofizial sakon eta mardul baten ostean, Bertand Tavernier zuzendari frantsesak eta David Trueba zuzendari espainiarrak umore puntu bat jarri diote lehiaketa nagusiari. Gaur gauean, gainera, euskal zineak bere gala izango du. Bertan, Mireia Gabilondok, 'Amaren eskuak' filma estreinatuko du.

Sail ofiziala

David Trueba hunkitzen zaituen zuzendari horietako bat da. Bere istorioei samurtasun berezia darie, eta Vivir es facil con los ojos cerrados luzemetraia komedia bat den arren, bere estiloa oso agerikoa da. Javier Camara aktorea da protagonista nagusia eta nagusi egin den Francesc Colomer (Pa Negre) nagusiago batekin berriro elkartzeko istorio aproposa dugu hau.

1966an, John Lennon krisialdi existentzialistan dago; Beatlesekin behin betiko amaitzea erabaki du eta aktore izan nahi du. Hala, Almeriara joango da Richard Lester-en agindupean gerraren kontrako film bat grabatzera: Gerra nola irabazi nuen. Antonio, Albaceteko ikastetxe xume bateko ingeleseko irakaslea, Almeriara joango da Lennon ezagutzera, eta ezohiko eskaera bat egingo dio. Bidean, gerora lagun bihurtuko diren bi ezezagun batuko ditu, eta hirurak, nahi gabe, euren eguneroko arazoak atzean utzi, eta bizimodu berri baterantz abiatuko dira.

Sail ofizialeko gaurko bigarren pelikula ere, komedia bat izan da. Tavernier eskarmentu handiko zuzendaria da, eta bere eskua oso agerian geratzen da. Politikaren alde ezkutuan barneratzen da, eta umoreaz baliatzen da kontakizunari abiadura emateko. Kanpo arazoetako ministroaren bulegoan gertatzen diren uneak modu txoro batean kontatzen ditu Tavernierrek Quai D`Orsayn. Diplomazia arazoak, politikariaren kanpo irudia, diskurtsoak, iritzi aldaketak, nazioarteko krisiak… guzti horri punta ateratzen dio zuzendari frantsesak. Dudarik gabe, Kursaalen barre gehien eragin dituen filma izan da.

Gidoia txalotzekoa da eta Thierry Lhermitt aktorearen lana ere, bikaina. Historikoki komediek ez dute zorte handirik izan Zinemaldian eta horrek zapatuko palmaresean egoteko aukerak murrizten dizkio.

'Gravity'

Atzoko pasea hizki larriz idatzitako horietako bat zen. Venezian alde eta kontrako kritika ugari jaso ostean, Cuaron aita-semeen Gravity  ikusi genuen. Pelikulako irudiak poesia hutsa dira, eta derrigor zinema areto batean ikusi beharreko zinta horietako bat da.

Zoritxarrez, argumentua ona den arren, larregi errepikatzen da, eta horrek ez du gehiegi laguntzen. Bi aktoreen lana, Sandra Bullock eta George Clooneyren lana, ez da bikaina, baina ondo dago. Orokorrean, jende gazteak gustura ikusi du filma, nagusiagoek aldiz… ez dute filma horrenbeste goraipatu. Hollywoodeko film askorekin gertatzen den moduan, entretenimenduak beste guztia estaltzen du. 

Euskal zinearen gaua

Bertakoen gaua izango da gaurkoa: Victoria Eugenia antzokia Euskal Herriko glamourraren erakusleihoa izango da, alfonbra gorri eta guzti. Gure zinearen gala amaitu eta gero, Mireia Gabilondo zuzendariaren Amaren eskuak filma emango dute.

Amaren eskuak aurten  Zinemiran pate hartzen duen fikziozko luzemetrai bakarra dugu. Karmele Jaioren eleberrian oinarrituta, Mireia Gabilondok zuzentzen duen istorio honek 38 urteko emakume bati buruz hitz egiten digu. Guk zuzendariarekin tarte txiki bat izateko aukera izan dugu. "Oso barruko istorioa iruditu zitzaidan, oso ondo idatzita. Gauza txikiez oso polito hitz egiten duena, sentimenduez, emozioez. Eta oso identifikatua sentitu nintzen", azaldu digu Bergarako zuzendariak.

Istorioa unibertsala eta gaur egungoa da. Harremanei buruz hitz egiten du, barnean sendatu ezinik geratzen zaizkigun gauzei buruz. Baina bizitzari aurre egin behar zaiola azpimarratu nahi du: "Bizitza bizi egin behar da, ez dago besterik".

Gabilondo ez dago urduri eta horrenbeste mimoz egin duen filma erakusteko irrikaz dago. Igo dadila bada antzokiko oihala!

Victoria Eugeniako galaren ostean, gaur berriro bueltatuko gara Bataplanera. Atzo, eguneko bosgarren filma ikusi eta gero, Canibal pelikularen festara gerturatu ginen. Ez zen jende askorik joan, baina protagonistarekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Zapatuan jakingo dugu Zilarrezko Maskorra jasotzen duen edo ez; momentuz, baina, De la Torrek "saria urrun" ikusten duela aitortu zigun.

  • SORPRESA: Jonas Cuaron, Alfonso Cuaronen semearen talentua. Bere aitaren ospeak dezente lagundu dion arren, ibilbide luzea izango du zinemagile gazteak. Laster Gael Garcia Bernalekin pelikula bat egingo du; ziur, laster aitak duen ospe bera izango duela.
  • ONA: Animazioa aurtengo zinemaldian izaten ari den babesa. Atzo, Animatopia, atzera begirakoaren liburua aurkeztu zen, eta ekitaldira jende asko gerturatu zen.
  • TXARRA: Principe aretoetan ez dago estaldurarik, eta aurten sare sozialak izaten ari diren oihartzuna ikusita, pena handia da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.