Kontsumobidek dio Fagorren eta Eroskiren ekarpenak ez zirela "egoki" saldu kasu batzuetan, "aztarna batzuen" arabera

Leire Kortabarria 2013ko ira. 24a, 17:23

Kontsumobideko zuzendariak "aztarnak" ikusi ditu Eroskiren eta Fagorren ekarpen preferenteen salmenta "ez zela baldintza egokietan egin zenbait kasutan". Elena Untzuetak Legebiltzarrean esan zuen hori atzo, astelehena, Kontsumobide ekarpenak erosi zituzten lagunen 833 erreklamazioen gainean erakunde hori egiten dabilen azterketaren aurre-balantzea emateko.

Unzuetak "diskrezioa" eskatu zuen, Kontsumobideren bitartekaritza-lana oraindik ez delako bukatu.

Bere esanetan, "ez dago audio edo bideo probarik" 833 kaltetu horien esanak babesteko, baina "aztarnak" bai, ordea, kasu batzuetan. Esan zuenez, kasuen % 81en, ekarpen horiek aurrez bezeroak eskatu barik eskaini zitzaizkien banketxean. Datu gehiago eman zituen: Kontsumobidera jo duten kaltetuen % 26k 65 urte baino gehiago ditu, eta % 80k 25.000 euro baino gutxiago inbertitu zuen Eroskiren eta Fagorren ekarpenetan.

Kontsumobideko zuzendariak azaldu zuenez, gehienek 5 urteko epe baterako sinatu zutela esan diote Kontsumobideri; baina ekarpen horien ezaugarrietako bat, auzia piztu duena, hain zuzen, da epe mugagaberako kontratatzen direla; hau da, jabeak saltzen dituenera arte. "Iruzur egin baliete bezala sentitzen dira", esan zuen Elena Unzuetak.

Konponbideari dagokionez, Kontsumobideren zuzendariak "hainbat proposamen" ditu mahai gainean. Batzuek inbertitu zuten diru guztia buelta diezaietela eskatzen dute. Beste aukera batzuk ere egon daitezke, esaterako arrisku bako gordailu bat ematea ekarpenen truke. Unzuetak ez zuen aurreratu nahi izan nondik nora joko den. Hori bai: bitartekaritza formularen alde egin zuen arbitrajearen gainetik, kaltetuendako "azkarragoa, egiteko modukoa eta kostu txikiagokoa" delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak