Aurtengo Arrasate-Oñati herri lasterketaren zati batzuk bidegorrian izango dira

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 24a, 16:44

Gaur goizean aurkeztu dute urriaren 12an egingo duten Arrasate-Oñati herri lasterketa. eta aurten 30. edizioa beteko duen lasterketan egongo da berrikuntzarik: izen-ematea iaz baino merkeagoa izango da, eta lasterketaren zati batzuk Arrasate eta Oñati arteko bidegorri berritik egin beharko dituzte korrikalari eta patinatzaileek.

Urriaren 12an egingo dute 30. Arrasate-Oñati herri lasterketa, eta azken urteetan bezala, korrikalariez gain patinatzaileek ere hartu ahalko dute parte. Antxintxiketan Kirol Elkarteak Arrasateko Atletismo Taldearen eta Bergarako Hanka Labanka elkartearen laguntzarekin antolatzen duen proban izango dira hainbat aldaketa. Izen-ematea esaterako, iaz baino merkeagoa izango da: 13 euro beharrean, 10 ordaindu beharko diztutze parte-hartzailek. Hori bai, alokairuzko txipa hartu gura dutenek 2 euro gehiago ordaindu behako dituzte.

Ibilbidearen zati bat, bidegorritik

Aurtengo beste berrikuntzetako bat ibilbidearekin lotuta dago. 11,6 kilometro izango ditu ibilbideak, eta zati batzuetan, Arrasate eta Oñati artean dagoen bidegorria erabiliko dute. "Ikusi dugu bidegorria tarte batzuetan oso ondo dagoela bai korrika egiteko eta baita patinetan ibiltzeko ere, eta segurtasun kontuak medio, bidegorria erabiltzeko aukera polita zela pentsatu genuen" azaldu du Antxintxiketan Kirol Elkarteko Asier Osinagak.

Esan bezala, 30. edizioa izango da aurtengoa, eta hori dela eta, lastekerta martxan jarri zutenak eta urtetan lasterketaren ardura izan duten Laixan elkartekoak omendu gura dituzte egungo antolatzaileek lasterketa egunean.

Izena ematea, aurretik

Lasterketaren bezperara arte, hau da, urriaren 11a arte eman ahalko da izena, beti ere  www.kirolprobak.com webgunean, eta egunean bertan ezingo da izenik eman. Patinatzaileen lasterketa 17:00etan abiatuko da Biteri plazatik; korrikalariak bestalde, bost minutu beranduago irtengo dira Portaloitik. Oñatitik Arrasatera joateko gainera, autobusa egongo da. Sariei dagokienez, lehen hiru gizonezko eta emakumezko azkarrenak saritzeaz gain, lehenengo arrasatearrak eta oñatiarrak ere saria eroango dute; baita lehen neska eta mutil patinatzaileek ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak