Euskararen superheroiak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 24a, 16:12

2013-2014 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak aurkeztu dituzte goizean, Donostian. Bertan sortu zen lehen promozioa eta gaur egun 5.500 "superheroi" anonimo ari dira Euskal Herri osoko mintzapraktika egitasmoetan; Debagoienean, tartean. Aurtengo egitasmoetan izena emateko epea zabalik dago.

Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria, eta Aitziber Gurutzeagak, Donostiako Bagera elkarteko kidea, hartu dute parte aurkezpenean.

Topaguneko zuzendariak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, "egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten supermintzalagunak omendu nahi ditu aurtengo kanpainak". Izan ere, Mendizabalen hitzetan, ahalegin horri esker biziberritzen da euskara eta, superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira. 

Duela 20 urte sortu ziren lehen mintzalagun taldeak Donostian. Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeagak azaldu duenez, "orduko kide batzuen artean kezka piztu zen euskaltegiko ikasleek euskara erabiltzeko zituzten zailtasunak ikusita. Horregatik, mintzapraktika modu atsegin eta erraz batean egiteko Mintzalaguna ekimena antolatu zuten". Hasiera batean, dozena bat bagerakide euskara ikasle banarekin elkartzen zen euskaraz mintzapraktika egiteko. Lehenengo urratsak ematen hasi eta Mintzalagun egitasmoa hezurmamitzen joan zen, gaur egun hartu duen hedapeneraino.

Aurreko ikasturtean, 5.500 mintzalagun elkartu ziren Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Parte-hartzaileen gorakadan eragin handia izan du azken sei urteetan Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarlanak.

Urtetik urtera, gora

Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. 

Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta 80 herri eta eskualdetan daude zabalduta. Azken urteetan, bereziki hirigune handietako egitasmoak indartu dira (Donostia, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo ingurua). Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.

Izen-ematea zabalik

Aurkezpenean izan diren mintzalagunek egitasmoan parte hartzeko deia luzatu diete gainontzeko euskaltzaleei, hitz egiteko jariotasuna lortu nahi dutenei zein hizkuntzaren aldeko alea jarri nahi dutenei.

Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota www.mintzalaguna.org webgunean aurki daiteke.

Izen-emate kanpainan Aitziber Garmendia eta Aretxabaletako Kepa Errasti aktoreek hartu dute parte, zenbait mintzalagunekin batera. Aurten, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, eta inoizko bateratuena izan da. Hainbat herritan zabalduko da kanpaina; Arrasaten eta Bergaran, tartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak