DBHko ikasleek zergen gainean ikasiko dute

Leire Kortabarria 2013ko ira. 24a, 14:00

Gipuzkoako Ogasunak eta hezkuntza alorreko eragileek lankidetza abiatu dute, DBHn heziketa programa bat martxan jartzeko. Datorren urtean zerga heziketari buruzko unitate didaktikoa erabili ahal izango dute ikastetxeek. Atzo sinatu zuten horretarako hitzarmena Helena Franco Ogasun diputatuak eta Gipuzkoako hezkuntza ordezkariek.

Zerga sistemaren ezagutzak hezkuntzan eta herritarren artean presentzia izan behar du, Gipuzkoako Ogasunaren iritziz. Hori dela eta, bigarren hezkuntzan kontzientzia fiskala sustatzeko egitasmoa adostu du hezkuntza alorreko hainbat eragilerekin.

Lankidetza hitzarmena izenpetu zuten hezkuntza alorreko eragile nagusiek astelehenean Gipuzkoako Ogasunarekin. Ekitaldian parte hartu zuten Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolak europar kooperatiba elkarteko presidenteak, Mikel Ormazabal Kristau Eskola Elkarteko presidenteak, Josu Etxaburu Bigarren Hezkuntzako Institutu Publikoetako Zuzendarien Elkarteko presidenteak eta Begoña Bitorika Sortzen elkarteko idazkari nagusiak.

Hezkuntza alorreko eragileekin elkarlanean, unitate didaktiko bat landuko du Ogasun eta Finantza Departamentuak. Sinatzaileek konpromisoa hartu dute heziketa programa gutxienez haien hezkuntza sareko ikastetxe batean ezartzeko.

Ogasunak, modu honetan, kontzientziazio lana egin nahi du, herritarrek betebehar fiskalak borondatez bete ditzaten. Helena Franco Ogasun diputatuaren esanetan, "horretarako ezinbestekoa da herritarrek jakitea nola biltzen den dirua eta zertarako erabiltzen den. Ezagutzatik kontzientzia sortzen da".

"Lankidetzan oinarritutako egitasmoa da. Justiziaren eta elkartasunaren baloreak sustatuko ditu bai Ogasunak bai hezkuntza alorreko eragileek", adierazi zuen prentsaurrekoan Ogasuneko diputatuak. Eskerrak eman zizkien hezkuntza alorreko eragileei, "hasieratik erakutsi baitute interes handia zerga eta sistema publikoaren inguruko oinarrizko ezagutza zabaltzeko gazteen artean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak