Gripearen kontrako txertatze kanpaina martxan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 23a, 19:02

Gaur, astelehena, abiarazi dute kanpaina. Gripearen urteko agerpena gertu dago eta prebentzio neurriak hartzeko une egokia da hau, Osakidetzatik aditzera eman dutenez. Debagoieneko Osasun Zentroak prest daude txertoa jartzera etorriko diren pertsona guztiak artatzeko.

Gripearen birusak goiko arnasbideetan du eragina eta gorakoa, beherakoa, nekea, giharretako mina eta oso sukar altua sor ditzake. Ez du ez antibiotikorik ez botikarik behar, tratamendu sintomatikoa baizik, Osakidetzatik azaldu dutenez: sukar-kontrakoak, likidoak eta atsedena.

Arrisku taldeak

Orokorrean gaixotasun onbera izan arren, konplikazio larriak eragin ditzake hainbat taldetan eta horiei, hain zuzen ere, bideratzen zaie urtero Osakidetzaren txertaketa kanpaina:

  • 65 urtetik gorakoak.
  • Gaixotasun kronikodun 65 urtetik beherakoak.
  • Haurdun dauden emakumeak.
  • Osasuneko profesionalak eta profesional soziosanitarioak.
  • Hegazti-granjetako langileak.

Txertaketaren hedaduraren garrantzia

Osakidetzaren eta Debagoieneko ESIren helburua txertaketaren hedadura aipatutako arrisku taldeetan oso altua izatea da, babes indibiduala kontuan hartzeaz gain funtsezkoa delako ingurunearen babesa, euren esanetan: "Ingurunea babestuta badago, babes indibiduala are handiagoa izango da", adierazi dute. 

Arrisku taldeetan dauden pertsonek txertoa hartuko dute osasun txartela edo NAN agiria osasun zentroan erakutsiz. Bestalde, etxean dauden ezinduak nor bere medikuarekin edo erizainarekin harremanetan jar daitezke, txertoa etxean jartzeko.

Osasungintzako eta arlo sozio-sanitarioko profesionalak

Talde hau bereziki garrantzitsua da, pazienteekin eta birusaren eramaileekin harreman estuan eta etengabean egoten diren profesionalek osatzen dutelako. Hori dela eta, kontagiatzeko arrisku handiagoa dute, gero birusa transmititzeko ere aukera izanik.

Gure osasun zentroak herritarrengana hurbiltzen dira

Arrasate:

Anbulatoriora astelehenetik ostiralera joan daiteke, aldez aurretik zita hartuta. Horretaz gainera, jubilatu-etxeetara ere hurbilduko dira hurrengo egun eta orduetan:

  • Irailak 26, osteguna: Musakola. 12:00etatik 13:30era.
  • Irailak 27, ostirala: Santamaina. 12:00etatik 13:30era.
  • Irailak 30, astelehena: Uribarri. 12:00etatik 13:30era.
  • Urriak 1, asteartea: San Andres (Etxaluze eraikina). 12:00etatik 13:30era.

Aramaio:

Kontsultorioan, astelehenetik ostiralera, aldez aurretik zita hartuta.

Bergara:

Osasun zentroan, astelehenetik ostiralera, aldez aurretik zita hartuta. Horretaz gainera:

  • Urriak 3, osteguna: Osintxu. 10:30etik 11:00etara.
  • Urriak 10, osteguna: Altos Hornos. 10:30etik 11:30era.

Antzuola:

Osasun zentroan, astelehenetik ostiralera, aldez aurretik zita hartuta.

Elgeta:

Osasun zentroan, astelehenetik ostiralera, aldez aurretik zita hartuta.

Oñati:

Anbulatorioan, astelehenetik ostiralera, aldez aurretik zita hartuta. Horretaz gainera, hurrengo tokietara ere hurbilduko dira:

  • Irailak 23, astelehena: Zubillaga (Auzoko eskola) 15:00etan.
  • Irailak 27, ostirala: Olabarrieta (Auzoko elkartea) 14:30ean.

Aretxabaleta:

Osasun zentroan, aldez aurretik zita hartuta.

Eskoriatza:

Osasun zentroan, aldez aurretik zita hartuta.

Leintz Gatzaga:

Eskoriatzako osasun zentroan, astelehenetik ostiralera, aldez aurretik zita hartuta. Horretaz gainera, aurreko urteetan bezala, egun bat zehaztuko da txertoa Leintz Gatzagako kontsultorioan jarri ahal izateko. Data hori zehaztu gabe dago oraindik, baina finkatu bezain pronto komunikatuko zaie herriko biztanleei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak