Udazkena negu izango ez den itxaropenarekin

Julen Iriondo 2013ko ira. 24a, 02:00

Gauza ezaguna da lurretik datorrena atzerapenez ari dela iristen aurten, dagokiona baino beranduago. Hala da –edo izan da– tomate, babarrun edo artoaren kasuan, eta berdin mahatsari dagokionez ere –Pilarica aldera jaso ohi da–. Eta bailaran mahatsarekin lan egiten dutenek badute halako kezka bat, urte osoko lana dutelako jokoan datozen asteetan; mahats batzea atzeratuta –egun, adibidez, ez dago egon behar lukeena bezain helduta–, udazkenean are aurrerago egin beharko da, hotzetarako arrisku handiagoarekin, eta hori da orain mahatsari komeni ez zaiona.

Hainbat dira Debagoienean mahatsarekin dihardutenak, batzuek upategiei saltzen dietenak gero, euren txakolina egiten dutenak beste batzuk. Txakolina egiten dutenetako bi dira Arrasateko Bedoña auzoko Felix Etxagibel eta Oñatiko Murgialdai baserriko Aritz Galdos. Eurek azaldu digute egoera.

Aurtengo mahats-sasoiaren amaieraz eta utz dezakeen emaitzaz Felix Etxagibel: "Udazkena nola portatuko den, horrek baldintzatuko du dena. Udazkena ondo joaten bada, luze joaten bada eta berandu samarrera arte irauten badu ziklo osoa atzeratu egingo da, baina zikloa errespetatuko da. Arazoa izango da uda-udazkeneko ziklo hau motzagoa izaten bada, eta mahatsa heltzeko astirik ematen ez badu".

Beste urte batzuetan gertatu izan denari begiratzen dio Etxagibelek: "Izotzak ere hasi izan dira Domu Santu inguruan; aurten komeni zaigu izotz horiek beranduago etor daitezela, eta urri osoa izan dadila suabea, giro epela egin dezala; ez dadila negua aurreratu". 

Aritz Galdosek gehitzen du datozen hiruzpalau asteetan "eguraldi lehorra" komeni zaiela, eta azaltzen du zergatik: "Mahatsak azukrea hartzeko, gozotasunean irabazteko, eta orain sartu ohi den usteltasun gaitza saihesteko ere bai. Egunak eta egunak eguraldi oso umelarekin joaten badira onddo bat sartzen zaie, usteldura grisa, eta oso denbora gutxian mahats asko usteltzen da". 

Inork ezin ezer egin onddo horren arriskua urruntzeko eguraldi aproposa egin dezan; norbere esku dagoen prebentzio neurririk bada, ordea, eta horiek bai hartzen ditu kontuan Galdosek: "Orain ari gara mahats aleen inguruko hostoak kentzen, mahats-mordoa haizatzeko eta onddoa saihesteko". Eguzkiak gehiago jo diezaiola da kontua; helburua, mahatsa lehortzea eta "hezetasuna ez dadila bertan geratu". Eta, bide batez, "azkarrago eta hobeto" heltzen da mahatsa. 

Eta hosto kentzea beti alde beretik egiten du, goizeko eguzkiak jotzen duen aldetik, arratsaldeko eguzki aldea babesean utziz, indartsuagoa izatera, ez dezan mahatsa erre: "Hala egingo ez bagenu, bero zakarren bat etorriko balitz eguzki babes gutxirekin geratuko litzateke mahatsa, erretzeko arriskuan".  

"Dedikazio handia" 

Pena litzake azken unean galtzea urtean zehar egindako lan guztia, mahatsari eskainitako orduak; ez direla gutxi, Oñatiko Murgialdaikoaren esanetan: "Esaten dute hektareako ordu bat egunero; urtean 350-400 ordu, beraz, hektareako: urtarrilean hasten gara inausketarekin –hiru bat hilabete izaten ditugu dena inausteko–; udaberrian kimuak agertzen hasten direnean egin behar izaten da interesatzen ez diren kimuak kendu eta uzten direnak landare-sarean bideratu; gero, gaitzen kontrako tratamendu fitosanitarioak bota; eta lan hauek orain". Mahatsa batzea faltako da gero, txakolina egiteko. 

Eta hain ondo hasi ez zena nola bukatuko begira daude ekoizleak: "Oso ezohiko urtea izan da, egin duen udaberriagatik, batez ere: hotza eta euritsua, ekainera arte; horrek ekarri zuen loraketa garaia atzeratzea, mahats gutxiago sortzea loraketa garaian euria eta hotza egitearen ondorioz, eta gaitzak sartzea ere bai".

Galdosek esandakoari jarraitzen dio Felix Etxagibelek, zehaztuz San Juan inguruko eurien ondorioz "lore asko" galdu zela: "Eta mahatsari eragin zion beste arazo bat izan zen Santiago egunetik uztaila amaierara arte egin zituen lauzpabost bero-zoro egun; izugarrizko hezetasuna ere bazegoen, eta hor sartu zen gorrina eta sartu zen denetik".  

Ekoizpen ekologikoa 

Eta horri aurre nola egin? Bedoñako Artazubiaga baserrikoak era ekologikoan lantzen du mahatsa, eta dio horrek are zailago egiten duela gaitzen kontrako borroka: "Pixka bat mugatuta gaude; ezin dugu edozein produktu kimiko erabili, ez pestizidarik eta herbizidarik. Kobrea duten gauzak bakarrik erabil ditzakegu, eta horiek ere neurtuta, ezin dugu-eta sartu urtean hektareako sei kilo kobre baino gehiago". Eta beste ñabardura bat egiten du; eurek erabiltzen dituzten produktuek "ukipenez" egiten dutela efektua, "ukitzen duena" babesten duela, eta ukitzen ez duena gaixotu egin daitekeela. 

Baina barneratuta du "gaixotasunarekin bizi" behar duela; dio bere mahatsondoek mahats kopuru erdia dutela konbentzionalekin alderatuta, baina nahiago duela "produktu sanoa egin, kantitatez gutxiago izan arren". 

Pasa ziren lore-galtze eta gorrinak, eta orain dagoena dago, bai Oñatiko Murgialdai baserriko eta bai Arrasateko Artazubiagako mahastietan ere. Eta bietan udazken hasiera mahatsak ondo heltzeko behar duen giroarekin etorriko den itxaropenetan, urtean zehar galdutako mahatsari ez dakion gehiago gehitu, dagoen dena heldu dadin eta behar besteko kalitatea izan dezan.

"Prozesua ondo bukatzen bada, sano dagoen mahatsa ondo aterako da; mahatsa batutakoan neurketak egiten ditugu, baina ez dut uste kalitate aldetik desberdintasunik izango denik"; hala uste du Etxagibelek, eta txakolin ederra aterako delakoan da Galdos ere, hori bai, agian beste urte batzuetan baino "garratzagoa". 

Lurrean zeruak agintzen baitu, Bedoñako Otxia txakolinaren egileak dioen bezala: "Zerutik bizitze hau horrela da; urtean-urtean gauza desberdinak ikusten ditugu eta egoera berrien kontra egin behar borroka". 

-----------------

Ekoizpena %40 jaits daiteke aurten

2013ko eguraldi aldrebesaren ondorioz nabarmen jaitsiko da Gipuzkoan txakolin ekoizpena; %40 ere izan daiteke, Felix Etxagibelek jatorri izendapeneko iturriak aipatuz dioenez. Gainera, bataz beste kopuru hori jaisteak esan nahi du, Etxagibelek argitzen duenez, batzuek hori baino gehiago galdu dutela –beste batzuk ez direlako galera maila horretara iritsiko–: "Hemengo arazoez gain txingor zaparrada batzuk ere izan dituzte kostaldean. Jatorri izendapenean %40 jaisteak esan nahi du agian batzuek %80 gutxiago ekoiztuko dutela, txingor zaparradek parean harrapatu bazituzten. Izan daiteke batzuek kalte handiak izatea". Gutxiago egonda mahatsaren prezioa igoko dela dio ekoizle arrasatearrak, baina igoerak ez duela galera estaliko: "Mahatsaren erdia galdu arren, prezioa ez da bikoizten. Kaltea handia da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak